}

Meningitisa

1997/07/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken bolada honetan, azken hilabeteotan hobeto esan, orain arte ezezaguna zitzaigun gai bat azaldu digute komunikabideek. Otsailean Madrilgo Komunitateko Osasun agintariek hartutako erabakiaren ondorioz (txertoa nahi zuenak Madrilgo Komunitateko Egoitzan eros zezakeela), milaka eta milaka pertsona jarri ziren errenkadan meningitisaren kontrako txertoa hartzeko. Erabaki hori hartu baino lehen, iazko urrian, Galiziako 18 hilabete eta 19 urte bitarteko populazio osoa txertatu zen bertako agintariek hala gomendatu baitzuten. Bat-batean, bai telebistan, bai egunkarietan, meningitisari buruzko berriak ugaritu ziren, gizarte osoan histeria kolektiboa sortzeraino. Benetan kezkatzekorik ba ote dago ala beldurrak sortarazitako mamua besterik ez da? Hori da nire galdera.

Juan Manuel Sanzo Ollakarizketa

Meningitisa ez da soilik gaur egungo gaixotasuna. Izan ere, meningitisa iraganean ere izan da, egun ere bada eta gero ere izango da. Hirurogeita hamargarreneko hamarkadaren amaieran, Espainiako iparraldean, Bizkaiko golkoaren ertzean batez ere, meningitis-uhin epidemikoa gertatu zen; oso tasa altuekin gertatu ere. Garai hartan Euskal Autonomia Elkarteak (EAE) zituen tasak 100.000 biztanleko 15-20 meningitis kasu ziren, hau da, gure herrialdean gutxi gora-behera, 300-400 kasu azaltzen ziren urtero. Azken hamabost urteotan tasa hau etengabe beherantz joan da, 100.000ko 4 kasutara mugatzera iritsi den arte eta hau da egun daukagun tasa. Tasa hauek nahiko baxuak dira, Europako gainerako herrialdeetakoen parekoak.

Bakterio- eta birus-mota askok sortarazten du meningitisa. Bakterio hauetan, agian, sortzen dituen ondorio larriengatik meningokokoa da azpimarratzekoa. Meningokokoetan, 13 mota inguru bereiz ditzakegu, alfabetoko letrez izendatzen ditugularik. Izan ere, A motako meningitisa, B motakoa, W motakoa, eta abar izan ditzakegu. Orain arte motarik ugariena B motakoa zen, baina azken bizpahiru urteotan C motakoa gorantz joan da, B motakoak beherantz jo duelarik. Aldaketa horrek C serotaldearen pisu proportzionalak B taldearen lepotik gora egin duela adierazi nahi du.

Prebentzio aldetik bi meningitis-mota hauen artean beste ezberdintasun nabari bat dago. B motaren kontrako txertorik ez dago, baina C motaren kontrakoa bai. Horiek horrela, berehala sortzen da “milioia balio duen galdera”: populazio osoa txertatu ala ez?

Teknikoki hitz eginez, meningitisaren kontrako txertoa oraindik ere ez dela oso ona azpimarratu beharrean gaude. Nahiz eta ondorio kaltegarriak izan ez, ematen duen babesa oso murritza da. Izan ere, 2 urtetik beherakoen artean, talderik erasandakoenean, txertoak ez du inolako babesik. 2 edo 3 urteko haurrengan, berriz, babesa % 55ekoa da. 3 eta 5 urte bitartekoentzat babesa % 70ekoa izan daiteke, eta azkenik, helduengan eta haur handiengan babesa % 85 baino altuagoa izaten da. Bestetik, oso desberdina da txertoak ematen duen babesa, hau 2 edo 3 urtetik gorako gutxirengan bakarrik mantentzen delarik. Arrazoi horiek direla eta, puja epidemikoak azaldu ezean, ez da inola ere denak txertatzea gomendatzen. Ehun mila biztanleko 10 meningitis-kasura heltzen denean, egoera horretan denak txertatzea gomendatu ohi da.

Aurten 85 meningitis-kasu gertatu dira: 31 Araban, 40 Bizkaian eta 14 Gipuzkoan (1. taula). C serotaldeko meningitis kasuak 46 dira: 19 Araban, 21 Bizkaian eta 6 Gipuzkoan.

Adinaren araberako sailkapenak gorako desplazamendua erakusten du, 10 urtetik gorakoen artean eta nerabeengan gorakada C serotaldearen lepotik azaltzen delarik (2. taula).

Azken hiru-hilabeteotan C meningitis-tasak desberdinak izan dira hiru Lurralde Historikoetan, beti 100.000 biztanleko 10 kasu baino gutxiago izan direlarik.

Joan den maiatzaren 15ean Txertaketarako Aholku Batzordeak (Comite Asesor de Vacunaciones) meningitisaren bilakaera ikertu ondoren, 2 eta 20 urte bitarteko populazioa udazkenean txertatzeko gomendioa egin zuen. Honako hauek izan ziren arrazoiak: a) C meningitisa azken urteotan etengabe ugaltzea, b) bai Euskadin, bai Estatuan aipatutako serotaldearen klon epidemikoa hedatzea, c) maiatzean ez dira kasuak espero bezain azkar jaitsi, d) udazkeneko gaixotasunaren ohiko gorakada eta, azkenik, e) Aiara Bailaran eta Galdakaon egindako txertaketa orokorreko eskarmentu positiboa.

Osasun Sailak bere egin du delako gomendioa eta ekainaren 16tik 18ra bitartean gainerako Elkarte Autonomoekin Oviedon ospatu zen bilkuran C meningitisaren kontrako estrategia orokorra aztertu zen. Bertan hartutako erabakirik garrantzitsuenetako bat, Estatu-mailan txertaketa orokorra ez egitea izan zen. Dena dela, 100.000 biztanleko 10 kasu ez badaude ere (hots, tasak altuak ez badira ere), Euskal Herrian ezezik, Estatuko zenbait Elkartetan ere hurrengo udazkenean txertaketa orokorra egingo da (Madril eta Extremaduran esaterako).

1. taula. 1997ko urtarrilaren 1a eta maiatzaren 30a bitarteko meningitis-kasu guztiak.

EAH 1997 Araba Gipuzkoa Bizkaia EAH

Kasuak guztira

33 16 47 96

baieztapen mikrobiologikoa
dutenak

23 13 34 70
B Serotaldea 2
5 8 15
C Serotaldea 20 7 26 53
Beste serotaldeak 0 1 0 1

baieztapen mikrobiologikorik
ez dutenak

10 3 13 26
Kasu guztien artean C-ren % 60,61 43,75 55,32 55,21
Baieztatuen artean C-ren % 86,96 53,85 76,47 75,71

2. taula. Meningitis-kasu baieztatuen adinaren araberako sailkapena.

EAH 1997B Serotaldea%C Serotaldea%2 urtetik behera426,67815,092 eta 4 urte bitartean16,671324,535 eta 9 urte bitartean16,67611,3210 eta 14 urte bitartean16,67815,0915 eta 20 urte bitartean16,671426,42120 urtetik gora746,6747,55GUZTIRA15100,0053100,00

3. taula. C meningitisaren 100.000 biztanleko tasak. * Otsailaren 20aren eta maiatzaren 20aren artean.

Araba

4,8

Bizkaia

1,1

Gipuzkoa

0,4

EAE

1,4

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia