}

Mendel, Gregor

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1822-1884)

Botanikari eta erlijioso austriar honek 1822an ikusi zuen lehen argia Heinzendorf-en. Bere gurasoak nekazariak ziren eta semea naturarekiko maitasunean hezi zuten. Ume kozkorra zenean ordu asko egiten zituen etxeko baratzean. Zaletasun horri esker, Mendelek gerora genetikaren oinarritzat hartzen den aurkikuntza egin ahal izan zuen.

Leipniken eta Troppaun egin zituen bere lehen ikasketak. 1843an agustindarren ordenean sartu eta lau urte geroago apaizgoa hartu zuen, Gregorio izena hartuz. 1851 n Vienako Unibertsitatera bidali zuten matematika eta zientziak ikastera. Bigarren mailako lizentziatura baino ez zuen lortu, besteak beste biologia gainditzerik lortu ez zuelako. 1849 eta 1863 bitartean irakasle izan zen Brünneko eskolan eta bertan bideratu zituen bere esperimentuak.

Komentuko lorategian egin zituen ilarren hibridazioari buruzko lehen esperimentuak 1857. urtetik aurrera eta horien emaitzak 1866an Hibridoei buruzko esperimentuak izeneko artikulu-sortan bildu zituen. Esperimentuen iturria komentuko baratzan hazitako ilarrak izan baziren ere, Mendelek ongi ezagutzen zituen Darwinen teoriak eta horrek deskribatu zuen espezieen garapenarekin zerikusi zuzena izan zezakeela otu zitzaion.

Baratzean ilar-Nazi nanoak eta altuak erein zituen Mendelek. Ilar-Nazi nanoen ondorengo guztiak ilar nanoak zirela ikusi zuen. Ilar-Nazi altuek ordea, ilar altuak eta nanoak batera eman zituzten. Esperimentuen emaitzak harriturik, Mendelek areago jo zuen ilar-Nazi nanoak eta altuak nahastuz. Nahasketaren ondorengo belaunaldietan ilar nanoak eta altuak agertu ziren proportzio desberdinetan. Mendelek uste zuenez, bi ezaugarri desberdinak nahasten direnean ez dira erabat berdintzen eta bakoitzaren bereizgarritasunak gorde egiten lira.

Mendelek egin zituen esperimentuak gaur egun beste era batera enuntziatzen ditugu. Batetik, herentzi ezaugarri bat alelo-bikote batek kontrolatzen duela eta direlako aleloak ugal-zeluletan bereizi egiten direla esan ohi da. Eta bestetik, karaktere bakoitza mugatzen duten aleloak gametotara independenteki banatzen direla eta ondoren horien artean konbinatzen direla erabat onartuta dago. Bestela esanda, ilarrekin egindako esperimentuen emaitza heredentziaren oinarrizko legeak dira eta bere aurkitzailearen omenez, Mendelen Legeak esaten zaie.

Mendelen aurkikuntzak ez zuen batere oihartzunik sortu garaiko zientzilarien artean. Horrek erabat atsekabetu zuen Mendel eta ikertzeari uztea erabaki zuen. Erabakia hartuta zuela, komentuko burua izendatu zuten eta geroztik zeregin horietaz baino ez zen arduratu.

1900. urtean De Vries botanikariak Mendelen lanak aurkitu zituen. Berehala aurkeztu zituen zientzi elkarguneetan eta aho batez onetsi zen apaiz anonimo hark egindako lan bikaina.

Ordurako beranduegi zen. Izan ere, 1884an zendu zen Gregor Johann Mendel Brünneko komentuan bakardadean eta etsita, zientziak berarekiko zuen zorra kitatu baino 16 urte lehenago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia