}

Melanomen metastasiak

1998/05/01 Bidaurrazaga, Joseba Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azalean azaltzen zaigun kolore ilunaren erantzule melanozitoak dira. Zelula hauek azaleko zelulek daramaten pigmentua, melanina, ekoizten dute. Maiz, zelula hauek azaleko area txikitan kontzentratzen dira nevus-a, hau da, orina, eratuz. Orinak batzuetan handiagotu egiten dira eta orduan kezkagarri bihurtzen dira, bertotik melanoma, hau da, minbizia, sor daitekeelako.

Azken urteotan minbiziaren tratamenduan aurrerakuntza ugari egin da, gaixoen biziraupena luzatuz eta kasu askotan gaixoa guztiz osatuz. Baina minbizi-mota asko dago, batzuk larriagoak besteak baino, eta ez hori bakarrik, minbizia diagnostikatzen den unearen arabera tumore-mota berberak portaera ezberdinak izan ditzake; garaiz diagnostikatzearen garrantzia hemen datza.

Sagu-gibel honetan ongi nabari dira saguaren heriotza eragin zuten melanomen metastasiak (zati ilunak). (J. Bidaurrazaga).

Maizen azaltzen den tumoreetako bat melanoma da eta, bestelako neoplasia gaiztoetan bezala, pronostikoa gaiztotzen duen metastasien portaera sumagaitza izan ohi dute, eta honen kontra, ez dago ez diagnosirako eta ez terapiarako metodo eraginkorrik. Tumorea lehenengo aldiz diagnostikatzen denerako gorputzean zehar barreiaturik egon daiteke jada, eta naiz eta lehenengoko lesioa osatu, gorputzeko beste txokoren batean azal daiteke askotan zorigaiztoko metastasia sortuz; azken finean, metastasiak izaten dira gaixoa akabatzen dutenak.

Minbizia ikertzean, medikuntzak hainbat ikuspegi erabiltzen ditu, ikuspegi hauetariko bat tumorearen biologia aztertzea da, hau da, tumorea osatzen duten zelulen portaera.
Arlo hau jorratzen du Vidal Vanaclocha doktoreak gidatzen duen taldeak.

Eta arlo honetan, batez ere, melanomen metastasien garapenean garrantzia izan dezaketen faktoreak ere bai. Melanoma osatzen duten zelulak metastasia eratzeko zenbait trebetasun izan behar dituzte: lehenengo eta behin, tumoretik irteteko gaitasuna, zirkulazioan, linfan edota odol-zirkulazioan, irauteko gaitasuna, metastasia emango duen lekura heltzekoa, eta bertan garatzekoa. Prozesu hauetan izaten diren zenbait fenomeno aztertzen ditu ikerketak:

  • metastasi-zelulak gibeleko sinusoideetako endoteliora itsasteko. Tumoreetako zelulek odol-hodietatik barreiatzen direnean maiz gibeleko odol-hodi txikienetan, sinusoideetan, geratu egiten dira eta bertan metastasia sortzen dute.
  • jatorria gibelean duten oxigenoaren metabolito aktiboen aurrean metastasi-zelulek duten erresistentzia. Gibeleko zenbait zelulak ur oxigenatua eta bestelako gai oxigenatu aktiboak ekoiz ditzakete, eta hauek zelulak hiltzeko gai dira.
  • metastasi-zelulen migrazioa eta inbasioa. Tumoreetako zelulek, metastasia sortzeko, higitzeko gaitasuna izan behar dute.
  • neoangiogenesia gibeleko metastasietan. Tumoreek, bertako zelulek, iraun behar badute elikagaiak behar dituzte, eta hauek odoletik datoz. Beraz, tumore-ehuna hazten den heinean inguruko ehunetan dauden odol-hodiak tumorearentzako hodi berriak (neoangiogenesia) eman behar dituzte.
  • interleukina-I-aren erregulazioaren (transkripzioan eta transkipzioaren ondoren) efektua B16 melanomak duen gibeleko metastasi-ahalmenean. Zelulen arteko komunikazioa beharrezkoa da bizirik irauteko. Zelulek, beste mekanismoak beste, molekula bereziak erabiltzen dituzte elkarri mezuak igortzeko, hauetako batzuk interleukinak dira, eta hauetakoa da interleukina-1-a.

Ikuspegi biologikoa aztertzerakoan kontuan hartzen dira, alde batetik tumoreko zelulak (hauen kaltegarritasuna) eta bestetik tumorearen inguruan dauden zelulak. Tumorearen inguruan edo bere baitan dauden zelula normalak, batzuetan tumorearentzako mesedegarri izan daitezke. Beste batzuetan tumoreko zelulak akabatzeko gai dira. Tumoreen biologia aztertzea oinarrizkoa da hauen kontrako estrategiak diseinatzeko, eta horretan dihardu ikerketa-talde honek.

  • Proiektuaren izenburua: Melanomen gibeleko metastasi esperimentalen bitartekari molekularren azterketa.
  • Proiektuaren helburua: Melanoma-zelulen metastasietan molekula itsaskorrek, faktore kimiotaktikoek eta, batez ere, hanturaren bitartekariek duten eginkizuna argitzea.
  • Zuzendaria: F. Vidal Vanaclocha
  • Lan-taldea: J. Bidaurrazaga, J. Anasagasti, L. Mendoza, J. Martín, M. García
  • Saila: Biologia Zelularra eta Morfologi Zientziak
  • Fakultatea: Medikuntza eta Odontologia

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia