Mediterraneoko itsasugea
2001/02/23 Elhuyar Zientzia
Itsasugeak edo morenak bere itxurari zor dio izena, noski. Argazkikoek burua besterik azaltzen ez duten arren, gorputz luzea eta alboetan zapala dute. Bizkar gaineko hegatsak batuta dituzte burutik uzkirainoko gandorra eratuz eta 80 zentimetro luze izan daitezke.
Mediterraneoan bizi den espeziearen izen zientifikoa Muraena helena da. Bere antzeko espezieak baino buru txikiagoa badu ere, begien atzealderaino zabal dezake ahoa. Kolore marroia du, Mediterraneo guztian hedatzen da eta egunez itsasbazterreko kobazuloetan gordetzea gustuko du. Gauez, berriz, zehatz mugatutako eremuan harrapakinen zain gelditzen dira eta aukera dutenean ez dute barkatzen.
Karramarroak, txibiak eta edozein arrain jaten du. Handiegiak direnean, olagarro bat, adibidez, puskak egiteko teknika berezia erabiltzen du: sabelaren inguruan biltzen da eta tartean buztana sartzen du, korapilo bat eginez. Itsasugeak harrapakina ahoan duenean, korapiloaren aldera bultzatzen du eta korapiloa askatzean, harrapakinaren puska bat kentzea lortzen du.
Bere izena garbitzeko eta uste zenaren aurka, Mediterraneoko itsasugeak pozointsuak ez direla argitu beharra dago. Hori bai, hozkadaren ondorioz zauria gaiztotzeko arriskua dago, batez ere hortzetan usteldutako janari-hondakinak eduki ditzakeelako. Hala ere, mehatxatua sentitzen denean soilik erasotzen du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia