Mediterraneo kostako arrainak ugaritzea ongarrien ondorioa da
2009/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Niloren deltan gero eta ongarri gehiago erabiltzen dira, eta, hortaz, inguru hartako Mediterraneo kostako arrain-populazioa handitu egin da. Hori adierazi du ikertzaile-talde batek PNAS aldizkarian. Zientzialariek Mediterraneoan jasotako 600 arrain aztertu zituzten 2006-2007an. Emaitzek erakutsi zutenez, arrainek jandako alga eta planktona nitrogeno askoko uretan sortu ziren. Horrek ondorio honetara eraman ditu: Niloren deltara ongarriak eta hondakin-urak isurtzeak arrain-stocka handiarazi du inguruko Mediterraneoko uretan.
Niloren urteroko uholdeek erriberak ongarritzen zituzten lehen, eta Mediterraneoraino iristen ziren ur haiek. Uholde haiek kontrolatzeko, Asuango Presa Handia eraiki zuten 1960ko hamarkadan. Urteko hiru uholde dituzte ordutik, baina Mediterraneoan isuritako ur onduak gutxitu egin ziren, eta arrantza murriztu egin zen.
Asuango Presa Handia eraiki zutenetik, Egiptoko populazioa bikoiztu egin da, kalorien eta haragiaren kontsumitzea hirukoiztu, eta ongarrien erabilera laukoiztu. Horrek guztiak eragindako isuriek kostako arrantza ugaritzea ekarri dute 1980ko hamarkadatik. Epe luzera, ordea, uraren kalitate txarragatik, arrantza murriztu dezake horrek, ikertzaileen ustez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia