}

Medikuntzako Nobel saria, bi fisikarirentzat

2003/10/06 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Egun hauetan, aurtengo Nobel sariak iragartzen ari dira. Gaur Medikuntzako edo Fisiologiako Nobel sariaren txanda izan da. Saria Paul C. Lauterbur estatubatuarrarentzat eta Sir Peter Mansfield ingelesarentzat izango da, fisikariak biak, eta bakoitzari sariaren erdia emango diote.
Ezkerrean Peter Mansfield eta eskuinean Paul C. Lauterbur.

Nobel Fundazioaren web gunean jakinarazi dutenaren arabera, "erresonantzia magnetikoaren bidezko irudikatze-teknikarekin zerikusia duten aurkikuntzak egiteagatik" emango diete saria. Azken batean, fisikariek eta kimikariek erabiltzen duten erresonantzia magnetiko nuklearra medikuntzan aplikatzeko bidea irekitzeagatik.

Teknika horrek gorputzaren barneko organoak miatzeko balio du, eta teknika ez-inbaditzaileen multzoan dago; horrek esan nahi du gaixoaren gorputza ireki baino lehen ebakuntza bat prestatzeko balio duela. Teknika ez-inbaditzaile horiek oso zabalduta daude medikuntza modernoan, organoak behatzeko ahalmena ematen baitiote medikuari, eta ahalmen horrekin erabaki baitezake ebakuntzarik egin behar duen ala ez. Gainera, ebakitzean gaitzaren guneraino iristeko biderik motzena zein den aldez aurretik jakin dezake. Horrez gain, hainbat gaixotasun neurologiko diagnostikatzeko erabiltzen da teknika hori, Alzheimerren gaixotasuna, adibidez.

Erresonantzia egokituta

Gorputza barrutik miatzeko ahalmen hori hainbat teknikak ematen du, baina erresonantzia magnetikoaren bidezko irudikapena ohikoenetako bat da. Paul C. Lauterbur estatubatuarrak eremu magnetikoa manipulatuta bi dimentsioko irudiak lortzeko sistema garatu zuen; Sir Peter Mansfield ingelesak, berriz, irudikatze-teknika hori azkartu eta hobetu zuen, besteak beste, datuen tratamendurako baliabide matematikoak garatuz.

Gaur egun medikuntzan ohiko diagnosi-teknika da, eta, agian, horregatik dirudi bitxia saria bi fisikariri ematea; baina, jatorrian, erresonantzia magnetiko nuklearra atomoak eta molekulak analizatzeko teknika da, eta fisikari horien eskutik bilakatu zen ospitaleetan erabiltzeko baliabide.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia