}

Matematikaren dibulgazioari buruzko jardunaldiak Donostiako Zientzia Museoan

2004/11/23 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Zer egin daiteke matematika dibulgatzen laguntzeko? Ez da lan makala, lehen urratsa matematikak gaurko gizartean duen irudiari aurre egitea baita. Hain zuzen ere, bi kulturaren arteko bereizketa latza dago gizartean, letren eta zientzien artekoa, alegia. Eta bereizketa horretan matematikak izaten du ospe okerrena.

Irudi horri aurre eginda ere, ez da erraza matematika dibulgatzea. Beste zientzia guztien oinarria da, bai. Matematikak arlo teknikoetarako duen garrantzia ez da zalantzan jartzen. Hala ere, matematikako gaiek uxatu egiten dute publiko arrunta. Horregatik, mezua behar ez dutenek jasotzen dute, gaia ezagutzen dutenek, alegia.

Horri guztiari buruz hausnartzeko, bi egunez bildu dira Donostiako Zientzia Museoan estatu osoko adituak. EHUko Raul Ibañez matematikariak antolatu du biltzarra, eta arlo askotako profesionalak elkartu ziren azaroaren 17an eta 18an. Han izan dira matematikariak, jakina, baina baita kazetariak, irakasleak, museoko zuzendariak eta abar ere. Besteak beste, Elhuyar Fundazioak ere izan du han ordezkari bat, euskaraz egiten den dibulgazioa besteei komunikatzeko.

Neurri batean edo bestean, parte-hartzaile guztiak aritu dira matematikaren dibulgazioan, eta, esperientzia horren berri eman diete elkarri jardunaldi hauetan. Hiru ataletan banatuta zeuden: prentsa eta komunikabideak, ikerketa eta hezkuntza eta museoak eta argitalpenak. Atal bakoitzak talde bat osatu zuen, eta, talde bakoitzean arazoaren diagnostikoa egin zuten, eta egoera aldatzeko proposamenak egin zituzten.

Guztira, berrogeita hamar bat pertsonak hartu zuten parte. Han ateratako ondorioak jaso, eta beste hausnarketa batzuk egiteko abiapuntua izango da Zientzia Museoan hitz egindakoa.

Jardunaldietan egindakoa Divulgamat web gunean dago denentzat ikusgai.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia