Matematikak merezi du saria
2006/07/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Beharbada, ikertzeko arrazoi nagusia ez da izaten sari bat irabazteko nahia. Hala eta guztiz ere, ikerketa sustatzeko sariek tradizio handia izan dute historian. Batzuetan, helburu zehatzek bultzatutako sariak izan dira; adibidez, burdina urre bihurtzea, edo lurrazaleko edozein punturen longitudea zehaztasunez neurtzea. Beste batzuetan, ikerketak ematen duen edozer saritu nahi izan da. Datorrena datorrela. Kalitatezkoa bada, edozer. Eta zientziak badu zer saritu.
Azken sari horien artean ezagunena Nobel saria da. Ezagunena eta ordain handienekoa, ustez edozein ikertzaileren ametsa. Baina ikertzaile guztiek ez dute Nobel saria irabazteko aukera, Alfred Nobelen testamentuan ez baitzegoen ikerketa guztietarako lekua. Guztira bost sari daude zehaztuta testamentu horretan, baina Matematika saritzea ez zegoen Alfred Nobelen asmoen artean.
Gerora, beste sari bat gehitu zen zerrenda hartan, Ekonomiakoa; berez, ez da Nobel saria, baizik eta Alfred Nobelen omenez Suediako Bankuak ematen duen Ekonomia Zientzien saria. Nolanahi ere, ospeari eta ordainari dagokienez, Nobel sariaren parekoa da, eta, gaur egun, matematikariek Nobela jasotzeko duten aukera bat da, askotan saritu baitute ekonomiari aplikatzen zaion Matematika.
Bestalde, hainbat matematikarik jaso dute Kimikako edo Fisikako Nobel saria, betiere egindako ikerketak arlo horietan izan duen garrantziarengatik. Bide horretatik, aipatzekoa da Bentrand Rusell britainiarra dela Literaturako Nobela jaso duen matematikari bakarra. Ikertzaile batek, matematikaria izanagatik, saria eskuratzeko aukera du. Baina horrek ez du ordezkatzen Matematikako Nobel saria. Kontuan izan behar da geometra batek edo topologo batek, adibidez, ez duela inoiz Nobelik jasoko bere ikerketaren sari gisa, baldin eta ez badu ikerketa horrek beste arlo batean aplikaziorik.
Nobelaz haratago
Horregatik da Matematikako Nobela berezia; existitzen ez den sari batek sortu duelako eztabaida. Batzuen ustez, Matematika bera sarituta geratzen da beste Nobel sariekin, Fisikak, Kimikak, Medikuntzak, Biologiak eta beste zientzia guztiek dutelako Matematika barne. Bai, baina horrek ez ditu asetzen matematikariak, lan horrengatik ematen den saria beste batzuek jasoko baitute.
Dena dela, Nobel saria ez da munduko sari bakarra. Zergatik borrokatu behar dute matematikariek Nobel saria jasotzeko aukeraren alde? Beste sari batzuk badaude, eta, jakina, baita sari berriak antolatzeko aukera ere.
Alfred Nobelek testamentua idatzi baino lehen ere baziren Matematikako sariak, Eskandinaviako Matematika saria eta Hungariako Bolyai saria, adibidez. Nobelek berak ezagutuko zituen, zalantzarik gabe, eta agian horregatik ez zuen Matematika saritu nahi izan bere sarien bitartez. Hala ere, Nobelaren sorreratik aurrera, beste sari batzuk egotea ez zen nahikoa izan; ez zegoen Nobel sariak adinako diru-kantitatea eta ospea ematen zituen beste saririk.
Nobelak sortu bezain laster, Norvegiako zientzialari batzuek soluzio bat eman nahi izan zioten arazo horri, Matematikako Nobelaren baliokide bat sortuz. Abel izena emango zioten sariari, Niels Henrik Abel matematikari norvegiarraren omenez. Baina, arazoak egon ziren. Adibidez, egoera politikoak okerrera jo zuen; Suedia eta Norvegiaren arteko batasuna eten zen 1905ean. Horrek bertan behera utzi zuen Abel sariaren asmoa.
Fields eta Abel
Hogeita hamar urte geroago Fields dominak eman zuten lehen aldiz, baina sari honen jatorria bestelakoa izan zen. XIX. mendean, estatu askotan sortu ziren elkarte nazionalak, eta, pixkanaka, matematikarien nazioarteko batzar handi bat egiteko beharra zabaldu zen. Felix Klein alemaniarrak, adibidez, behar hori adierazi zuen Chicagon emandako hitzaldi batean 1893an. Komunisten lelo ospetsuari jarraituz, oihu egin zuen: "Mundu osoko matematikariak, elkar zaitezte!".
Eta, urte batzuk geroago, elkartu egin ziren. Horretarako, lau urtean behingo batzarrak antolatzen hasi ziren mundu osoko matematikariak, ICMak (ingelesetik, International Congress of Mathematicians ). Lehenengoa Zurichen egin zuten 1897an.
John Fields kanadarrak kongresu horietan emango zuten sari bat sortu zuen; arau batzuk eman zituen, eta dirua jarri zuen. Saria ematen hasi baino lehen hil zen, baina bere izena duen sariak, Fields dominak, ospe handia du.
Diruari dagokionez, Fields domina ez da sari handia, eta, beraz, matematikarien komunitateak urte asko eman ditu sari oparo baten zain. Azkenik, ordea, Abel sariaren ideia berreskuratu zen, eta 2002an jarri zuten martxan. Zientzien eta Letren Akademia Norvegiarrak ematen du, eta dirutan, behintzat, Nobelaren parekoa da. 2005eko edizioetan, Nobel eta Abel 1.070.000 eta 762.000 euroko sariak izan ziren, hurrenez hurren.
Azken urteotan, Matematikako Nobel sariaren ordezko bat badago; bat ez, gainera, bi daude. Dena dela, matematikariek jaso ditzaketen beste sari asko daude zientzian. Garrantzitsuena Wolf saria da, Israelgo Wolf Fundazioak ematen duena. Sei arlotan ematen da, eta Matematikakoa ere badago tartean.