}
Luis Vega Gonzalez Euskadi Ikerketa Saria 2012

"Matematika ona erabilgarria da, naturari lege bat ostea delako"

2013/06/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hitz egiteko modu poetiko bat da: matematika baliabide ona da naturari informazioa osteko. Eta Luis Vegaren lanak frogatu du EHUn egiten den matematika kalitate handikoa dela. Unibertsitate hori toki egokia izan da harentzat. Luis Vegaren lanak 2012ko Euskadi Ikerketa Saria lortu du.
matematika-ona-erabilgarria-da-naturari-lege-bat-o
Arg. © Luis Jauregialtzo/ARGAZKI PRESS
Nola hartu duzu sariaren berria?

Oso pozik. Oso ondo etorri zait. Gainera, Zientzia eta Teknologia Fakultateko matematika ataleko bi sailek aurkeztu ninduten sariketara, eta hori pozteko modukoa da. Nire ustez, taldeko guztiak poztu dira.

Matematikari onak izan dituzu inguruan?

Hemengo taldea, deribatu partzialen bidezko analisi eta ekuazioena, oso ona da. Ni hona etorri eta hurrengo urtean Luis Escauriaza etorri zen, eta Julian Aguirre, Javier Duoandikoetxea, Miguel Escobedo, Adela Moyua eta Juan Carlos Peral-ekin batera osatzen dugun taldea ez da inoiz egon Espainiako beste taldeen atzetik. Eta kanpokoekin konparatuta ere ederki moldatzen gara. Niretzat hau toki egokia izan da.

Baina EHUra iritsi baino lehen beste zentro askotan izan zinen.

Tesia Madrilgo Unibertsitate Autonomoan egin nuen, hemengo lankide Javi Duoandikoetxearekin batera. Biok esparru berean egin genuen lana, Fourier-en transformatuarekin, baina ez tesi-zuzendari berarekin. Han 1982tik 1988ra egon nintzen. Oso garai ona izan zen. Gazte asko zeuden Estatu Batuetatik itzuli berriak. Nire oroitzapena da benetako zientzia-giroa zegoela. Eta lan egiteko gogo handia zegoen. Hori oso garrantzitsua da, eta oso zaila lortzeko. Perspektibarekin ikusita, uste dut oso toki ona izan zela tesia egiteko.

Zein ziren, eta zein dira, matematikan zentrorik onenak? Frantziak, adibidez, oso herrialde berezia dirudi horretarako.

Frantziak badu, izan du eta izango du tradizio handia matematikan. Hori da herrialde honen eta Frantziaren arteko alde izugarria. 200 urtez zaindu dute matematika, eta ez matematika bakarrik. Hemen, aldiz, ez dago hain garbi hori.

Matematikako toki onenak betikoak dira: Princeton, MIT, Harvard noski (nahiz eta ez nire esparruan), Kaliformiako Unibertsitatea Berkeley eta UCLArekin, baina baita San Diegoko eta Santa Barbarako Unibertsitateekin. Eta Mendebalde ertainean Chicagoko Unibertsitatea. Azken 50 urteetan izan da Chicagoko Unibertsitatea erreferentea Fourier-en transformatuaren esparruan, nire esparruan. Hara joan behar zenuen Fourier-en transformatua ikertzeko, eta hara joan nintzen. Bi urte baino pixka bat gehiago egon nintzen han.

Gauza ona izan zen hara joatea?
Arg. © Luis Jauregialtzo/ARGAZKI PRESS

Oso esperientzia ona izan zen. Benetan toki egokira joan nintzen, une egokian, eta jende egokia topatu nuen. Hori ez da beti horrela izaten. Noski, beti saiatu behar duzu toki on batera joaten, baina horrek ez du bermatzen jende egokia topatuko duzunik. Han urtebetez egin nuen lan Carlos Kenig argentinarrarekin (Calderonen ikaslea izan zen, Chicagoko Unibertsitateko izen handi batena) eta Gustavo Ponce venezuelarrarekin. Ia-ia iritsi eta segituan hasi ginen matematikaz hizketan. 1988ko urrian izan zen, eta gaur egun oraindik elkarrekin egiten dugu lan. Nire artikuluen % 40 haiekin argitaratu dut, nahiz eta urtebetez bakarrik egon ginen Chicagon elkarrekin. Niretzat oso berezia izan zen: prestakuntza ona izan duzu eta, bat-batean, hegatu bezala egiten zara.

Toki pribilegiatu batetik oso ona den beste batera.

Bai. Ezin da esan Madrilgo Unibertsitate Autonomoa munduko onena denik, ez baita onena, baina hori ez da jende egokiarekin egotea bezain garrantzitsua. Agian, Princetonen ez zaizu hain ondo joaten, ez dagoelako giro egokia. Neurri handi batean zoria da, nahiz eta bilatu behar duzun.

Eta Chicagotik, nora?

Itzuli nintzenean, hemen, Bilbon geratu nahi nuen; emaztea eta biok lan bila etorri ginen, baina ez genuen lortu. Madrilgo Autonomora bai, itzuli ahal izan nuen 1990eko urrian. Geroago, hemen lanpostu bat eskaini zidaten eta 1993an etorri nintzen.

Schrödinger-en ekuazioarekin egin duzu lan, ia mekanika kuantikoaren ikono bat. Hala ere, ez duzu mekanika kuantikoa ikertu.

Deribatu partzialen ekuazio bat da. Schrödinger-en ekuazioak Schrödinger-en izena du mekanika kuantikoarengatik, baina berez lehenagoko ekuazioa da. Izan ere, niri une honetan ekuazioaren 1906ko eredu bat interesatzen zait, non azaltzen den potentziala ez den lineala. Zurrunbiloen hariekin zerikusia du, hau da, fluido baten turbulentziarekin. Schrödinger-en ekuazio kubiko bat dela argitu zuten 1970ean, 65 urte geroago alegia. Baina deribatu partzialen ekuazioa bera lehenagokoa da.

Dirac-en ekuazioarekin ere egin duzu lan. Fisika gehiago.

Ni ez naiz fisikaria. Matematika erabiltzen dut fisika ulertzeko; bestela, fisikari ipuin baten tankera aurkitzen diot. Beti galdetzen diot neure buruari: ba al dakite zertaz ari diren? Eta ziur nago zenbait jendek badakiela, noski. Baina nik ekuazioak erabiltzen ditut, adibidez, Dirac-ek esaten zuena ulertzen saiatzeko. Dirac-en ekuazioa objektu matematiko aparta da, berezko bizia duena eta mekanika kuantiko erlatibistarekin baino gauza gehiagorekin zerikusia duena.

Zure artikuluen aipamen asko dituzu, eta horrek eragin du Shanghaiko rankingekoek EHU baloratzean, munduko unibertsitateen ranking ospetsu bat baita. Nolako garrantzia du ranking horrek?

Hasteko, ez da bakarrik aipamen-kopuruari buruz hitz egin behar, aipamen horien kalitateari buruz ere bai. Shanghaiko rankingean, batetik, unibertsitatea bera bere osotasunean baloratzen da. Eta gainera beste ezaugarri espezifiko batzuk baloratzen dira, esparruetan eta ikasgaietan. Esparruetan, matematika natura-zientziekin batera dago, eta, edukietan, bakarrik dago. Shanghaiko ranking horretan begiratzen baduzu, ikusiko duzu EHU osotik matematika bakarrik azaltzen dela. Eta horretan du garrantzi handia "Highly cited researcher" delakoak. Ni naiz hor "askotan aipatutako ikertzaile" hori. Baina matematika natura-zientziekin batera sartzen duten zerrendan, EHU ez dago.

Ranking horretan egotea garrantzitsua da matematikarioi kasu egin diezaguten. Zientzia-proiektuen balorazioak egiten direnean, matematika natura-zientziekin batera azaltzen denez, oso zaila zaigu irizpide batzuei erantzutea. Gutxieneko patenteen-kopuru bat izatea, esate baterako. Edo, adibidez, matematikan oinarrizko ikerketa egiten dugunok ez dugu enpresekin harremanik izaten.

Arg. © Luis Jauregialtzo/ARGAZKI PRESS
Oro har, txarra al da matematikaren pertzepzioa hemen?

Frantziako batxillergoko institutuetan matematikan ematen duten prestakuntza, adibidez, nabarmena da. Eta begi-bistan dago sozialki rol garrantzitsua duela. Dena delakoarengatik, gure herrialdean hori ez da horrela izan. Hori eragozpen handia da. Are gehiago, barregarria da: pertsona jantzi batzuek harrotasunez zabaltzen dute analfabetoak direla zientzian, eta matematikan bereziki. Harritzeko modukoa da; nik biolina eta tronpeta bereizteko gai ez naizela harrotasunez esango banu bezala da.

Zertan datza arazoa?

Galdera mitikoa da "zertarako balio du matematikak?". Matematika ona erabilgarria izango da lehenago edo geroago, zuk egin duzuna naturari lege bat ostea izan delako. Lehenago edo geroago, zerbaitetarako erabiliko duzu. Arazo handiena da askotan "geroago" izaten dela "lehenago" baino. Luze itxaron behar izaten da aplikazio bat topatu arte, eta normalean biderik harrigarrienetik etortzen da.

Nola ikusten duzu gaurko zientzia-politika?

Nire ibilbidean, hasieratik eman didate diru-laguntza. Hori oso argi izan behar dut, eta eskertu ere egin behar dut. Ni diru publikoaren produktu bat naiz. Eta ni bezala, nire belaunalditik gora, aurreko 5 urteetakoak ere bai, aurreko 10 urteetakoak agian, eta ez dago argi nire belaunaldiaren ondoren zenbat urtetakoak. Eta emaitzak begi bistan daude, eta ondorioak nabarmenak dira. 1986an dirua jasotzen hasi zen belaunaldi bat da, eta, 25 urte baino gehiagoz, etengabeko finantziazioa izan dugu. Baina 3 edo 4 urtez uzten diozu dirua sartzeari, eta ondorioak dramatikoak izan daitezke. Ea zorte ona dagoen, eta krisialdi honek ez duen lortutako guztia suntsitzen.

--> Ikusi hemen saria jasotzeko ekitaldiko argazkiak eta bideoa

Luis Vega Gonzalez
Madril, 1960. Matematikaria eta 2013ko Euskadi Ikerketa Saria. Der¡batu partzialen eta Fourier-en transformatuaren esparruan egin du lan Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, Chicagoko Unibertsitatean, eta, gaur egun, EHUko deribatu partzialen taldeko ikertzaile nagusietako bat da. Luis Vega da Shanghaiko rankingeko "Highly cited researcher" zerrendan azaltzen den EHUko ikertzaile bakarra. 2013an, BCAM zentroko zuzendari zientifiko izendatu dute.