}

Martitzen zati bat lurrean

1993/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Badakigu azkenaldian Lurretik Martitzera joatea duela gizakiak ametsetako bat eta horretarako ari da hemendik zundak eta espaziuntziak bidaltzen. Handik hona etorritako zati batzuk (meteoritoak) ere badira ordea.

Meteoritoak aurkitu nahi badira, leku aproposena Antarktika da; han izotzak talka moteldu eta gero meteoritoa kontserbatu egiten baitu. Horregatik azken hamar urteotan han milaka bildu dira. Lurralde epeletara eroritako meteoritoak izan ere, mende batzuen buruan hauts bihurtzen dira.

1988. urtean NASA-ra heldutako meteorito-multzo batean, bere konposizioa medio, bat bazen oso interesgarria. LEW 88 516 izena eman zitzaion eta 13,2 kilo pisatzen zituen. Gramo-seirena pisatzen zuen zati bat Bernako unibertsitateko Fisika Institutura bidali zuten Otto Eugster irakasleak analiza zezan.

Meteoritoen konposizioaren bidez gauza asko jakin daiteke. Argon, zenon, kripton eta antzeko gas geldoen edukinek, noiz kristalizatu ziren eta espazioan zenbat denbora igaro duten adierazten dute. Gas geldoa zenbat eta erradioaktiboagoa izan, izpi kosmikoek hainbat eta gehiago jo dute meteoritoa (beraz, espazioan zehar egindako bidaia hainbat eta luzeagoa izan da).

LEW 88 516 meteoritoaren analisiak, Lurrera heldu baino lehen espazioan hiru milioi urtez egin duela bidaia adierazten du. Hala ere, harrigarriena 1976.ean Viking zundak Martitzen bertan Olympus Mons sumendiaren ondoan analizatutako harrien egitura bera edukitzea da. Nigerian 1962.ean aurkitutako “Zagami” izeneko meteoritoak ere ezaugarri horiexek ditu. Horrek ere hiru milioi urteko bidaia egin du eta Martitzetik etorria dela uste da. Lurrean orain arte bederatzi meteorito martiztar detektatu dira guztira.

Nola heldu dira meteorito guzti horiek Lurreraino? Interpretazio bat baino gehiago egon daiteke, baina badirudi asteroide handiren batek planeta gorria jo egin zuela eta milioika pusketa harrotu zituela. Berrogeita hamar bat metroko diametroa zuen asteroide hark espazioan 20 km/s-ko abiaduraz joanda berebiziko talka izango zuen, eta Martitzen grabitazio-indarra Lurrean baino bi t’erdi aldiz txikiagoa dela kontutan hartuz, harrotutako puska batzuk guganaino helduko ziren.

Estatu Batuetako astronomo batzuek diotenez, asteroideak talka egindako lekua Viking zundak bidalitako argazkietan ikusten da. Dozenaka kilometroko diametroa duen krater eliptikoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia