}

Martitzek itsasoak eta atmosfera izan zituen

1993/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ez behaketa astronomikoek eta ez 1979.ean “Viking” zundak bidalitako datuek, ez dute Martitzek garai batean beroa zela eta bere itsaso zein kontinenteak zituenik iradoki, baina hala eta guztiz ere, horixe da Iparramerikako Arizonako unibertsitatean diharduten Victor Baker, Robert Strom eta beren laguntzaileek defendatzen duten ideia, nahiz eta munduko astronomoen artean hauts ugari harrotu.

Teoria ausart hau hobeto juzkatu ahal izateko, gaur egun Martitzeko klima gure estratosferakoaren antzekoa dela esango dugu. Tenperatura batezbeste -50 °C-koa da eta presioa 10 milibarkoa.

“Viking” zundak bidalitako datuen arabera, orain dela hiru mila milioi urte uholde katastrofikoak izan zirela eta higaduraz kanal famatuak egin zirela onartu beharra dago. Halaber, horretarako 10 milioitik 1.000 milioi m3/s-ko emariak behar izan zirela ere kalkulatu da. Baina zer gertatu zitzaion ur hari? Zurgatuta lurpean geruzatan pilatu zen, betirako izoztuta. Presio tektonikoen eraginez, garai batean (zehatz noiz izan zen ez badakigu ere) ur hori berriro ere azaleratu egin zen, laku handi bat eratuz. Kaspiar itsasoa baino hiru aldiz handiagoa zen laku hura, baina gero ura lurrindu edo izoztu egin zen.

Baker eta bere lankideentzat hori egia da, baina ez egia osoa. Behaketa astronomikoek adierazten dutenez, sedimentu-guneak daude irlen eta kosten antzeko erliebeetan. Meteoritoen talkek sortutako kraterretan itsasoko higaduraren antzeko arrastoak ikusten dira.

Gainera duela gutxiko ikerketek diotenez, Martitzen hegoaldean gure planetako bankisaren antzekoa dago. Erliebeek gure glaziareen antzekoak egon direla ere iradokitzen dute.

Baina, glaziarea badago, ur-korrontea ere bai. Ur hori lurrindu egingo zen, eta gero hoztuta elur bihurtuko zen, berriro ere glaziarea elikatuko zuelarik. Dena den, astronomo iparramerikar hauen tesia sinesgarria izan dadin, Martitzen gaur egungoa baino klima epelagoak egon behar zuen, urak Lurrekoaren antzeko zikloa izan zezan.

Klima epela sumendiei esker egon zitekeen Martitzen. Batetik, nahikoa beroak izan ziren izotza urtzeko, eta bestetik berotegi-efektua sortzeko nahikoa gas karboniko jaurti zuten.

Dena den, horrelakoak behin bakarrik gertatuta ezin ziren gaur egun ikusten diren erliebe horiek moldatu eta Martitzen ozeanoak aldika (behin eta berriz) izan zirela pentsatu beharra dago.

Baina astrofisikari “ortodoxoak” ez daude ados. Izan ere, horrelako pasarteak egia izateko sumendiek gas-kantitate itzelak jaurti behar izan zituzten.

Dena den, aurtengo abuztuan “Observer” zundak hipotesi honi buruz xehetasun asko eskainiko digu eta milioika urtetako tarteekin uhinek Martitzeko kostaldeak moldatu zituzten ala ez jakin ahal izango dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia