Martinika: Frantzia Ameriketan
1993/04/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra | Plaza Aduriz, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ohar geografikoak
1.102 kilometro karratu dituen irla hau zabala baino gehiago luzea da. Antilla Txikietako irletako bat da, iparraldean Dominika irla eta hegoaldean Santa Luzia irla dituelarik. Inguru horretako irla guztiak bezala jatorriz bolkanikoa da.
Irlaren iparraldean daude mendirik altuenak eta horietan “Mon Pelee” aipatu behar da. Bere 1.397 metroko altuera dexente nabarmentzen da paisajean. Iparralde menditsu honetan oihan tropikala da nagusi, hezetasuna primeran gordetzen duelarik.
“Mon Pelee” gutxitan ageri da garbi, gehienetan inguruko hodeiak balaztatzen ditu eta. Ondorioz, irlako iparraldea euritsua dela esan daiteke.
Hegoaldea sabana da, eta iparraldea baino askoz ere lehorragoa.
Martinikako hiriburua Fort-de-France da, bertan 200.000 pertsona bizi direlarik. Gainerako 130.000 pertsona irlan sakabanaturik bizi dira, populazio-gune txikiak osatuz. Hala ere, ondoko hiriak aipa daitezke: ekialdean Sainte-Marie, Le Robert, Le Francois; mendebaldean Saint Pierre, Schoelcher, Fort-de-France eta Bellefontaine; hegoaldean Rivière-Pilote eta Santa Luzia.
Hegoekialdeko itsasertzean koral-formazio handiak daude. Formazio hauei esker lehorretik itsaso-barnerantz ehundaka metrotan ibil daiteke, urak estali gabe.
Gizartea, historiaren islada
Irla honetara Kolon 1502. urtean iritsi bazen ere, frantsesek kolonizatu zuten. XIX. mendearen hasieran ingelesek okupatu arren, Frantzia eta Ingalaterraren arteko gerraren amaieran, berriro frantsesek eskuratu zuten boterea. Garai hartan zeuden esklabu beltzek askatasuna lortu eta gailendu egin ziren irlan. Hortaz, gaur egun arraza beltzekoak dira nagusi irlan eta kulturalki bizimodua frantsesa da.
Jatorrizko populazioari buruz, ez dago ia arrastorik ere eta hau oso nabaria da; Karibeko beste herri batzuk ezagutzen dituenarentzat batez ere.
Ekonomia
Irla honetako biztanleen ohizko baliabideak nekazaritzari esker lortu dira. Ertamerika osoan bezala lurra aberatsa denez, bertan edozer landa daiteke. Hala ere, nekazal produkturik landuenak azukre-kanabera, banana eta anana dira. Aguakateak, laranjak, pomeloak, mandarinak, etab. ere nonnahi ikus daitezke.
Industria gutxi dago, baina ezer aipatzekotan porlanarena eta rumarena aipatuko genituzke.
Azken urteotan, administrazioa turismoa bultzatzen ari da. Horretarako errepide-sarea asko hobetu da eta hotel- zein zerbitzu-azpiegitura erraldoiak eratu dira.
Irla hau administratiboki Frantziakoa da eta bertako bizi-maila ere Frantziakoaren parekoa. Honek bertako biztanleentzat abantailak eta desabantailak ditu. Abantailetan, gizarte-premia minimoak aseta izatea eta Frantziak eskaintzen dion babes soziala aipatuko genituzke. Desabantailetan Frantziarekiko duen menpekotasuna da aipagarriena. Bizi-maila altua duenez, eskulana garestia da eta, ondorioz, esportaziorako produktuak (banana, azukrea) garestiak dira. Bestalde, turismoak sortutako ekonomia ere menpekotasun-ekonomia dela esan daitekeenez, metropoliak parte hartzea ezinbestekoa da Martinikako bizi-egitura mantendu ahal izateko.
Esandakoaren arabera, Martinika kolonia da eta bertan eratu den ekonomi azpiegiturak burujabetasunerako egon daitezkeen aukerak hipotekatu egin ditu neurri handi batean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia