}

Marteko uraren bila

2000/06/27 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

NASAko ‘Mars Global Surveyor’ zundak planetaren orbitatik hartutako irudien azterketak uraren gaineko eztabaida sortu du berriz

Argazki berriak bidali ditu Mars Global Surveyor zundak. Argazki horietan Marteko gainazala ikusten da zehaztasun handiz; izan ere, orbitatik lortu diren irudirik zehatzenak dira. Argazki horiek Lurrean hartu izan balira, ez legoke dudarik urak utzitako aztarnak direla. Marte izanda, ordea, susmoak besterik ez dira. Dena den, nahiz eta azalpena oso erraza ez izan, zentzuzko hipotesia da.

Ideia ez da berria. Planeta gorria teleskopioen bidez behatu denetik uraren presentzia hipotetikoa nabarmena izan da. Guregandik gertu samar dago, gorrixka da eta, kondaira eta mitoen jatorri galanta. Gainera, dakigunaren arabera, bizia sortzeko, ura ezinbestekoa da. Ezaugarri horrek interesgarri bihurtu du likido hori.

Gian D. Cassini astronomo frantses jatorriz italiarrak Marteko polo zuriak ikusi zituen, eta ura izan zitekeelako ustea zabaldu zen. 1877. urtean Giovanni Virginio Schiaparelli astronomo italiarrak Marteko lehenengo mapa osatu zuen. Mapa horretan canalli ikusten ziren eta segituan ura aipatu zen. Are gehiago, canalli izena gaizki ingeleseratu zuten. Channel idatzi beharrean (urak naturalki sortutako bideak), canal hitza erabili zen (ubide artifizialak). Ondorioz, hango biztanleek egindakoak zirela zabaldu zen eta Lurretik kanpoko biziaren espekulazioaren moda sortu zen. Dena den, canalli horiek ez dira berriz ikusi, Marten ez baitago halakorik.

1971. urtean NASAko Mariner 9 zunda Marteren orbitan sartu zen gainazala aztertzeko helburuarekin. Orbitari eutsi eta berehala planeta osoa estali zuen hondar ekaitz izugarria sortu zen. Ekaitza bukatutakoan zazpi mila argazki baino gehiago (gainazalaren % 70) hartu zituen. Sumendiak eta plaka tektonikoak ez ezik, uraren higaduraren aztarnak ere ikusi ziren irudietan. Marteko programan hurrengo urteetako ahaleginetako bat ura bilatzea izango zen.

Adituen arabera, Marten garai batean ura omen zegoen, baina noizbait klima aldaketa bortitza gertatu zen, planeta gaurko egoerara bideratu duena. 1999ko urtarrilean Mars Polar Lander zunda jaurti zen hango klimaren ikerketarako datuak jasotzeko eta ura bilatzeko. Misioak porrot egin zuen aurtengo urtarrilean, lurreratu ondoren ez baitzuen seinalerik igorri. Zunda galdutzat eman zuten.

Planetaren ezaugarriak

Marte Lurra baino txikiagoa da. Bere diametroa Lurrarenaren erdia da, gutxi gorabehera. Bien arteko masa diferentzia oraindik handiagoa da. Horrek esan nahi du Martek ez duela oso atmosfera trinkoari eusteko moduko eremu grabitatoriorik sortzen. Beste era batean esanda, molekulek alde egiten diote Marteri. Karbono dioxidoz osatutako atmosfera mehea du, eta presio atmosferikoa txikia da. Baldintza horietan urak ez du likido egoeran luzaroan irauten. Lurrundu egiten da eta, gainera, erraz espazioratzen da.

Mariner 9 zundak bidalitako uraren aztarnen ebidentzia orain Mars Global Surveyor zundak baieztatu du askoz gertuagotik hartutako irudien bitartez. Baina, orduan, nora joan da ura? Lurrundu egin al da? Erantzun bat lurpean dagoela da, baina ez da erantzun osoa. Argazkietako ibilgu lehorrak ikusita, beste ideia batzuk plazaratu dira. Nahiko ibilgu berriak dira, milioi urte gutxikoak, eta gehienak hegoaldeko hemisferioan daude.

NASAko zientzialariek ibilgu horien sorrera azaltzeko eredua proposatu dute. Marteko gainazalean ura lurrundu egiten da. Orduan, lurpetik kanpora iragazten diren lehenengo tantak lurruntzean inguruko zorua hoztu egiten da. Oraindik lurpean dagoen ura izozten da. Hala, pilatutako izotzak presioa egiten du zorua puskatu arte. Izotzak azalera ateratzen denean, beraz, ibilgua eratzen du, hemengo uholdeen antzerako zerbait sortzen baita.

Zientzialarien ustetan, ura gainazaletik 100-400 metrora dago, planetako leku zehatz batzuetan. Uholde horietako bakoitzak 2.500 metro kubiko ur izango lituzke. Gauzak horrela izanda ere, uraren mugimendua hasten duen prozesua ez da jakina. Hipotesia zuzena bada, lurpeko ura erabil liteke Marterako bidai tripulatuak hornitzeko.

NASAko teknikariek esan dute Marte eta uraren ikerketaren une garrantzitsua dela. Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da azken porrotak ahazteko publizitatea behar dutela. Mars Global Surveyor zundak geologiako argazkiak besterik ez ditu ekarri, eta teknikariek hipotesi berria asmatu dute, baina oraingoz ez da urik aurkitu. Itxaron egin beharko da teoria baieztatu arte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia