}

Marte eskueran ez, baina gertu-gertu

2003/08/27 Elhuyar Zientzia

Gaur da eguna: Marte inoiz ikusi dugunik eta handiena agertu zaigu. Izan ere, 57 mila urte dira planeta gorria Lurretik hain gertu egon ez zela eta beste 284 urtean ez da gaur dagoena baino hurbilago egongo.

Ekuatorean daudenek ikusiko dute garbien Martek igorritako dirdira gorria, baina Euskal Herritik ere ikus daiteke; iluntzean hegoaldera begiratu besterik ez dago. Egia esan, Marte beti da bost astro dirdiratsuenetako bat, Eguzkiarekin, Ilargiarekin, Artizarrarekin eta Jupiterrekin batera. Baina memento honetan izan dezakeen dirdirarik handiena dauka.

Gutxi gorabehera bi urtetik behin, asko gerturatzen dira elkarrengana Marte eta Lurra, Eguzkiarekin lerrokatzen direnean, periheliotik gertu. Perihelioa planeta baten orbitan Eguzkitik gertuen dagoen puntua da.

Hain zuzen, egun hauetan Marte eta Lurra perihelioetatik oso gertu daude, eta, ondorioz, elkarrengandik ohi baino gertuago, 55.758.006 kilometrora. Espazioko agentziek ez dute galdu nahi izan Marterako bidaia laburragoaren aukera, eta, hori dela eta, europarrek, estatubatuarrek eta japoniarrek euren espazio-ontziak Martera bidean jarri dituzte aurten. Planeta gorriak liluraturik ditu astrofisikariak, eta zer esanik ez astronomiazaleak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia