Marraskilo biluzia: barea
1989/10/01 Altonaga, Kepa - EHUko biologia irakaslea Iturria: Elhuyar aldizkaria

maskorra osoa da, baina, guztiz hauskorra.
Mundu zabaleko marraskilo-espezieek, kanpo-itxurari dagokiola oso eraniztasun handia erakutsi arren, funtsezko egitura unitarioa gorde dute. Modu sinplez adierazteko, gorputza elementu biz eratua dutela esan daiteke. Batetik luzetara paratutako zefalopodioa, hau da, burua gehi oina, eta bestalde, zefalopodioaren gainean dortsalki kokaturiko errai-zakua (ikus 1A irudia). Aipatutako osagai bi horiez aparte, guztiz garrantzitsua da errai-zakua biltzen duen tegumentua, hots, mantua; berak jariatzen bait du maskorra, marraskiloari eite propioa ematen diona. Izan ere, maskorra da marraskiloaren ziluetaren erantzulea.

Bareetan, ostera, ez dago errai-zakurik, ez maskor ikuskorrik. Bareen gorputza fusiformea da, eta maskorra, existitzekotan, gorputz bigunaren barruan ezkutaturik dago (ikus 1B eta 1C irudiak). Kasu horretan, maskorra karekizko plakatxo bat besterik ez da.

Orain arte, ikasketa paleontologikoek ez dute bareen jatorria azaldu, zeren ondo eratutako maskor baten gabeziak ezinezkoa egiten bait du aztarna fosilen preserbazioa, eta beraz, ez bait du bareen garapen ebolutiboaren segimentua errazten. Horregatik, historia horri buruzko gure hipotesiak morfologia konparatuzko argudiotan soilik finka ditzakegu; alegia, datu ez-zuzenetan. Bide horretatik abiatuta, gaur eguneko marraskiloetan badaude maskordunen eta maskorbakoen arteko trantsizio-formatzat jo daitezkeen espezieak (ikus 2. irudia).
Egite hau organoen eta sistemen arteko analisi konparatiboa burutzeko erabiliz, eta bai mota morfologiko desberdinetako marraskiloen garapen enbrionarioa aztertu ere (ikus 3. irudia), maskorren galera ezaugarri progresiboa froga daiteke, marraskilo maskordunetan hasi eta bareetaraino hainbat urrats bitartekaritatik zeharkatuz, eta ziur aski, egoera morfologiko horietariko bakoitza, eskakizun ekologiko desberdinekiko moldaeraren emaitza delarik.

Bareen maskorraren galera, oro har, gertaera biren ondorioz jazo zen: gorputzaren luzapen axial bortitzaz (a) gainera, errai-zaku dortsalaren murrizpena (b) gertatu zen, modu horretara, erraiak, luzetara haziz zihoan gorputzean hondoratu zirelarik. Alabaina, marraskiloaren konkor dortsala gorputzaren baitan desagertu ahala, maskorra bera ere txikiagotu egin zen; mantuak gero eta osokiago ezkutatzen bait zuen.

Maskorraren erabateko desagerpenak edota murrizpen sakonak, animalia hauen gorputza hobetu egin zuen funtzionalki, marraskiloen lehiakide efiziente bihurtu zirelarik. Izan ere, pisutsu eta zurruna den maskorraren murrizpenak, higikortasunaren handiagotze galanta ezezik, gordeleku estu-meharren probetxamendua eta janari-mota berrien ustiaketa ere baimendu ditu. Horrek guztiorrek zeharo konpentsatu du maskorraren gabezia: maskorrak deshidratazioarekiko eta eguzkitiko izpiekiko zaintzen du, babes mekanikoa eskaintzen du, etab.

Baina, maskorraz hornituriko marraskiloak higigaitzak dira, luzaroan irauten dute janari-lekuetan eta ingurune-faktoreen aurrean defentsa pasiboaren bidetik jotzen dute, maskor barruan ezkutatzen direlarik. Aitzitik, marraskilo biluziak arinagoak dira, eta zirrikitu estuetan barrena sar daitezke edo lurzoruan errazkiago ehortzi, sikateetan edo bestelako ingurune-baldintzak desfaboragarriak direnean bertan babesten direlarik. Gainera, egunero abiatzen dira janari bila eremu berrietara, geroago gordeleku egokia bilatuz, edo, sarritan, betiko habiara itzuliz.

Nolanahi ere, zailtasunik gabe ikus daiteke “biluztasuna” eskema biren arabera garatu dela. Alde batetik, marraskilo karniboroetan, eta bestalde, espezie herbiboro eta omniboroetan.
Lur-zizareak ehizatzen dituzten marraskilo haragijaleen espezializazioak, gorputzeko aurre aldeko luzapena ekarri zuen (ikus 1C irudia) beste gauza batzuen artean. Berori, zer esanik ez, organo harrapatzaile bihurtu zen faringearen garapena handiarekin lotuta zegoen. Faringeak garraiatuko du urdail eta hesterantz eskuraturiko harrapakina (ikus 4 irudia). Aldi berean, liseri-hodiko zenbait egitura txikiagotu egin ziren, elikadura karnibororanzko trantsizioa dela eta. Horiekin batera, gorputzeko aurre aldeko garapen nabariak, errai gehienen atzeranzko desplazamendua sorterazi zuen.

Ostera, marraskilo herbiboro eta omniboroen espezializazioak ez zuen inolako zerikusirik elikadurarekiko edo janaria lortzeko metodoarekiko. Marraskilo hauen biluztasuna, inguruko baliabideak aprobetxatzeko gaitasun berri batekin erlazionaturik bide dago. Higikortasunaren emendioak lehiatzeko ahalmen handiagoa eskaini zien; janari-iturri berriak ustiatzeko posibilitatea alegia. Bare belarjaleetan, zefalopodioaren aurre aldea ez da aldatu. Maskorrak eta mantuak jasandako zapaldura eta murrizpena sakonak izanagatik ere, lehengo kokapena gorde dute. Alabaina, heste luzearen eta gibel handiaren hondorapenak, atze aldeko luzapen nabarmena ondorioztatu zuen gorputz fusiformean (ikus 1B irudia).

Biluztasuna lortzeko eredu nagusi bi plazaratu baditugu ere, maskorraren galera ez da inola ere fenomeno arraroa izan marraskiloen eboluzioan zehar, eta makina bat aldiz erdietsi da independenteki. Horretaz kontura gaitezen, zenbakizko datu batzuk erantsiko ditugu. Lur-marraskiloek 70 familia osotzen dituztelarik, nahiz eta espezialisten arabera kopuru hori aldakorra den, horietatik 14 bareez soilik eratuak dira, beste hainbatetan marraskilo jantzi eta biluziak batera egonik (ikus 5. irudia). Halaber, filogenetikoki desberdinak diren talde horien arteko antzekotasuna itzelezkoa da, baina, soilik kanpo-itxurari dagokiola. Hortaz, konbergentzia ebolutiboaren beste adibide baten aurrean gaude. Izan ere, maskorraren desagerpena itsasoko marraskilo askotan ere ikus dezakegu, baina, kasu horretan bestelako ingurune-baldintzek ukan dute eragina, efektu analogoak ondorioztatu direlarik, hots, itsas bareak.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia