}

Mariano Barbacid: "heziketa-kanpainek ikerketak baino eragin gehiago izan dezakete".

2001/02/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzialari gehienak, oro har, ez dira oso ezagunak izaten. Iristekotan, hil eta gero iristen zaie ospea. Hala ere, badira salbuespenak. Mariano Barbacid madrildarra horietakoa da, minbiziaren ikertzailea. Espainiako ikerketa-sistema eskasaz gogaituta Estatu Batuetara egin zuen hanka. Han lan itzela egitearekin batera bere ikerketan arrakasta izateko zortea ere izan zuen. Orain Espainian da berriro, Espainiako Ikerketa Onkologikoaren Zentroko zuzendaritzan. Oraingoz gustura dagoela dirudi, baina lan-baldintzak aldatzen bazaizkio berriro alde egingo omen du.
Mariano Barbacid minbiziaren ikertzaile ospetsua da
PLANNER MEDIA

Minbiziaz hitz egitean, gaixotasun bakarrari buruz edo gaixotasun-multzo bati buruz hitz egin behar da?

Gaur egun duda barik esan dezakegu minbizia ez dela gaixotasun bakarra, baizik eta ezaugarri bera duten gaixotasun-multzoa: batez ere zelulen ugalketaren eta heriotzaren kontrola bete behar duten geneetan akatsak pilatzea. Minbizian oso kasu bitxiekin egiten dugu topo, tumore batzuk klinikoki oso portaera antzekoa izanda eta ezaugarri anatomopatologiko oso antzekoak izanik ere, izaera patogenetiko erabat desberdina izan dezakete. Horrek argi adierazten du tumoreen garapen klinikoa eta tratamendua jarritakoan izaten duten erantzuna era askotakoa izan daitekeela.

Urte asko daramatzazu minbizia ikertzen. Denbora horretan guztian zer aldatu da ikerketan?Zerbait aurreratu al da?

1974. urtetik ari naiz lanean oinarrizko ikerketa onkologikoan, eta ikuspegi horretatik esan diezazuket azken mende-laurdenean benetako iraultza izan dugula minbiziaren ezagutzan, dagoeneko badakigu-eta zer den eta nola sortzen den; hori, prozesu neoplasikoekin amaitzen diren mekanismo molekularra aurkitu izanari eskertu behar zaio. Gaur egun oinarrizko ikerketari -eguneroko lana egiteko moduan ezer gutxi aldatu bada ere- genomikan eta proteomikan gertatzen ari den iraultzak oso modu positiboan eragiten dio.

Gainera ikerketa translazionala garatzeko berebiziko interesa dago, hau da, aurkikuntza horiek guztiak berehala minbizia duen gaixoaren mundura eramateko ikerketa; horrela, gaixotasunaren diagnosia hobetzearekin batera, gaur egun dauden tratamenduak ere hobetu ahal izango dira.

Espainiako Ikerketa Onkologikoaren Zentroa abian jarri duzu eta bertako zuzendari zara, zer ikertuko duzue han? Eta munduan, zein ikerketa-lerro daude zabalik?

Lehen galderari bakarrik erantzun ahal izango diot, bigarrenari helduko bagenio, elkarrizketa honen denboraren eta tokiaren mugak erraz gaindituko lituzkeelako. Dena den, behar bada erantzun dezaket minbiziari ahal den alde guztietatik eraso egin nahi zaiola, eta eraso horiek guztiak baliozkoak direla gutxieneko zorroztasun zientifikoa betetzen badute.

Espainiako Ikerketa Onkologikoaren Zentroan, berriz, oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua egingo dira, baina betiere ikerketa klinikoaren aurretikoak, gure zentroak ez baitie gaixoei laguntzarik eskainiko. Oinarrizko ikerketan onkologia molekularreko gaiak jorratuko dira, batez ere minbiziaren mekanismo molekularren ikerketa eta gene aldarazleen -gaixotasun hori izateko dugun gaitasunean eragina dutenen- identifikazioa. Gure Patologia Molekularraren Programaren arabera, ikerketa aplikatuak lehenik minbiziaren diagnosi molekularrean oinarrituko dira; laster tumoreen azterketa molekularrak eskala handian egiteko biotxipak erabiltzen hasiko gara. Udaberrirako 5.000 geneko onkotxipa izatea espero dugu. Ikerketa aplikatuaren bigarren lerroa botika berriak aurkitzera bideratuko da, eta horretarako Estatu Batuetan lider diren bioteknologia-enpresen eskema operatiboei jarraituko diegu. Programa hau aurten jarriko da martxan eta botiken industria bidelagun izatea espero dugu.

Zein estrategia, bide… gelditzen da ikertzeko? Zein da -minbizia sendatzeaz gain, jakina- erronkarik handiena?

Ikerketan aukeratzen diren bideak edo estrategiak garapen teknologikoaren araberakoak izaten dira. Duela 15 urte 5.000 baseko gene baten sekuentzia egitea sekulako erronka zen. Gaur egun, lan hori pertsona bakar batek ordu gutxitan egin dezake; bestela, ez litzateke posible izango 9.000 milioi base dituen giza genomaren sekuentzia egitea. Behar bada, erronka nagusia gizakiaren parte diren 50.000 gene horien funtzionamendua ezagutzea izango litzateke, eta minbizia eragiten duen gaizki funtzionatze horren mekanismoa hobeto ulertu ahal izatea.

Azkenaldian asko hitz egiten da terapia genetikoen inguruan. Minbiziaren jatorria berez genetikoa da, baina badaude minbizia eragin dezaketen beste faktore batzuk ere. Zer da garrantzitsuagoa, gure geneek minbizia garatzeko izan dezaketen jarrera ala kanpoko faktoreen eragina?

Lehenik, esan behar dut terapia genetikoak oso ezagunak bihurtu direla gizartean, jendearen gustuko direla, baina dagoeneko 500 entsegu klinikotik gora egin direla eta bakar batek ere ez duela emaitza positiborik eman. Horrek ez du esan nahi saiatzen jarraitzea merezi ez duenik, lehen esan dudan bezala gutxieneko zorroztasun zientifikoa duten unetik ahalegin guztiak baliozkoak direlako; eta, dudarik ez, terapia genetikoaren kasua hau da. Gaur egun daukagun zentzuzko informazio guztiaren arabera, ez dago dudarik minbiziaren jatorria genetikoa dela; hau da, minbizia mutazioen ondorioz gertatzen da, bai gure zeluletan akatsak gertatu direlako, bai kanpoko faktoreek eragin dutelako, hala nola tabakoak, eguzkiak edota dieta batzuk. Argi dagoenez, prozesu neoplasikoetan eragin handia duten faktore epigenetikoak daude, horregatik aurkitu nahi ditugu gene aldarazleak. Tabakoa erretzen duen edonork bere ADNan mutazioak eragiten ditu, eta mutazio horiek minbiziarekin zerikusia duten geneetarikoren bat aktibatuko dute, duda barik. Hala ere, denok dakigu tabakoa erretzeak biriketako minbizia garatzeko probabilitateak 1.000 aldiz handitzen dituela, baina erretzaile guztiek ez dutela biriketako minbizirik izaten. Hori da oraindik aurkitzeko eta konpontzeko dugun beste erronka garrantzitsuetariko bat.

Teknologiaren aurrerapenek, informazio-kanpainek… badirudi lagundu egiten dutela. Baina, benetan zerbaitetarako balio al dute?

Minbiziaren eragina gutxitu nahi bada, informazio-kanpainak ezinbestekoak dira. Minbizia metastasia gertatu baino lehen detektatzen denean -gure gorputzean barreia dadin baino lehenago-, sendatzeko aukerak, batez ere kirurgia erabilita, oso handiak izaten dira. Horregatik, batez ere gorputzaren kanpoaldetik erraz irits daitekeen tumoreen kasuan -azaleko, titi buruetako, barrabiletako edo prostatako minbizien kasuan adibidez-, jendea ondo hezita edukitzeak sekulako garrantzia izan dezake. Horrela, gaitza garaiz detektatzen bada, metastasia gertatzeko aukerak gutxiago izango dira, eta kaltetutako organoak oraindik konpondu ezin diren ondorioak eragin baino lehen kendu ahal izango dira.

Beste ikuspegitik begiratuta ere, heziketa-kanpainek milaka bizi salba ditzakete, ikerketak berak eta tratamenduek salba ditzaketenak baino askoz ere gehiago. Populazioa, batez ere populazio gaztea, oraindik tabakoa uzteko denboraz edo erretzen ez hasteko denboraz dagoena, ohitura horrek duen arriskuaz benetan jabetuko balitz, biriketako minbiziaren eragina -hilgarrienetariko bat- ia anekdotikoa izango litzateke. Zoritxarrez, minbiziak agertzeko 30 urte baino gehiago behar ditu, eta oraindik tabakoak hiltzen duela onartzen ez duen jende asko dago.

Komunikabideek behin baino gehiagotan ematen dute mirarizko sendabideen, eta gaixotasuna moteldu edo gerarazi egiten duten botika-koktelen berri -baina bakarrik animalietan-. Zer iruditzen zaizu hori guztia?

Hemen oso bereizketa argia egin behar da. Gauza bat dira zuk mirarizko sendabide edo sendabide anekdotiko deitzen dituzun horiek, eta beste bat animaliekin egiten diren ikerketak, besteak beste gizakiei tratamendua eman ahal izateko ezin saihestuzko betebeharra baita. Zuk ondo diozun bezala, esperientziak erakutsi digu animalien tumoreak sendatzea, gizakienak sendatzea baino askoz ere errazagoa dela. Izan ere, gaur egun minbiziaren entsegu klinikoetan sartzen diren hamar produktu berritik, bat baino ez da onartzen gero gizakiei emateko, eta hori, kontuan hartu barik lehen aipatu diren terapia genetikoaren alorrean egiten diren entsegu klinikoak. Baina prozesu hori behar-beharrezkoa da eta hobetu ahal izateko borrokan jarraitu beharra dago.

Hain zuzen ere, hori da Espainiako Ikerketa Onkologikoaren Zentroan orain abian dugun ikerketa-lerroetariko bat, animalien eredu-sistemen garapen berri eta hobeak manipulazio genetikoaren bidez; horrela animaliekin egiten diren entsegu klinikoaren aurretikoak hobeto aurreikusi ahal izango dira, eta horrela gizakiarentzat erabilgarriak izango diren tumoreen aurkako botikak egiteko aukera gehiago egongo da.

Badakit ikertzaileei ez zaizuela horrelako galderei erantzutea gustatzen, baina kazetarioi egitea bai. Beraz, hor doa: zenbat denboran eta zein bidetik iritsiko da minbiziaren irtenbidea?

Zientzialariok ez dugu epeak aurreratzeko abenturaren galderan erori behar, are eta gutxiago minbizia sendatzea bezalako gai garrantzitsu batean. Hala ere ausartuko naiz esatera etorkizunean, orain arte gertatu den moduan, aurrerapenak pausoz pauso gertatuko direla eta tumore-mota jakin batzuekin. Zure lehen galderari erantzutean esan dizudanez, minbizia etiologia ugari duten gaixotasun infekziosoen antzekoa izan daiteke; hortaz, kaskarra izango litzateke pentsatzea botika bakar batek sendatuko dituela. Era berean, minbiziari borroka irabaziko diogu, edo gutxienez, minbizia heriotza-tasa txikiko gaixotasun kroniko bihurtuko dugu guztion laguntzarekin. Gizarteak berak lagundu behar du hartzen dituen arriskuak murriztuta, tabako gutxiago erreta eta izpi ultramoreen eraginpean gutxiago egonda alegia. Sendagileek ere jarriko dute bere aldetik, gaixoei atentzio osoa eskainiz, tumoreak errazago eta azkarrago detekta ahal izan daitezen. Eta azkenik ikertzaileak, gaixotasuna bera hobeto ulertuta, horrela botika hobeak eta eraginkorragoak diseinatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia