}

Mari Errauskinen zapata

2000/11/28 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Laser sentsoreetan oinarritutako sistemak, oinaren hiru dimentsiotako irudi zehatza sortzen du. Oin berezi baterako zapata egokia diseinatzeko ez ezik, neurrira eginiko oinetakoen merkatua hedatzeko balioko du sistema berriak.

Gazte zein adineko pertsona batzuek sortzetiko malformazio, ezbehar edo gaixotasunen ondorioz, neurrira eginiko oinetakoak behar izaten dituzte. Izan ere, ortopedia arazoek oinaze handiak sor-tzen dituzte eta kasu batzuetan ongi ibiltzea ere eragotz dezakete. Gainera, oinetako ortopediko horiek jantzi ezean, gaixotasuna nabarmendu eta okerrera egin dezake. Neurrira eginiko oinetakoak behar-beharrezko dira, beraz, zenbait kasuetan.

Dena dela, oinetako ortopedikoak beharrezkoak izan arren, ez dira uste bezain erabiliak. Normalki, nahiko itsusiak eta batzuetan deserosoak ere izaten dira, eta horregatik, gazteenek behintzat, ez dituzte jantzi nahi izaten. Oinetako horien beste arazo nagusia egiteko behar izaten den denbora luzea da. Orain arte, forma egokia lortu arte neurri asko hartu eta doitze lan handiak egin behar izaten ziren. Lan horiek, maiz, gaixoarentzat aspergarri eta neketsuak izaten ziren eta ortopedistarentzat, berriz, zailak.

Neurrira eginiko oinetakoak

Frantziako Kreon enpresa arazo horretaz jabeturik, 1990ean hasi zen zapatak ekoizteko teknika aldatzen. Ideia, laser bidez oinaren irudi zehatza lortu eta oinetako egoki eta politak diseinatzea zen. Teknika sinple eta lasterra da. Gaixoak oina kristalezko plaka angeluzuzen baten gainean ezartzen du eta laser izpiak goitik, atzetik eta bazterretik bidaltzen dira. Makina lau laser sentsorez osatua dago eta sentsore bakoitzak bi kamera txiki ditu. Kamerek filmatu egiten dute eta neurriak lortzeko, berriz, laserrak eta triangelaketaren modelo matematikoa erabiltzen dira. Horrela, pare bat minutuan, ordenagailuan oinaren hiru dimentsioko irudia agertzen da. Neurriak automatikoki kalkulatzen dira, 0,3 milimetroko zehaztasunarekin. Aparatu hori zehatza izateaz gain, txikia da, eta, beraz, ortopedistak alde batetik bestera mugitzeko modukoa.

Hamar urteko ikerketen emaitzak positiboak dira eta badirudi laster batean zabalduko den teknika dela. Oraingoz, Nancyko ospitalean probak egiten ari dira eta gauza guztiak ongi ateratzen badira, litekeena da 2001. urterako oinetako ortopedikoak neurrira egitea. Noski, ortopedista guztiak aparatua erabiltzen hasi baino lehen denbora gehiago pasatzea ez da harritzekoa izango. Gainera, oinetakoak neurrira egingo dituzten enpresa berriak sortu beharko dira.

Dena dela, teknika diseinatu duen enpresak beste diru sarrera batzuk ere ikusi ditu. Izan ere, arazo ortopedikoak dituzten pertsonentzako ez ezik, dirua soberan dutenentzako neurrira egindako oinetakoak saltzeko asmoa ere badu.

Merkatu aberatsa

Aberatsentzako oinetakoak egiteko ideia nahiko garatua dute jadanik. Asmoa oinaren neurria ortopedistak hartu beharrean, dendariak hartzea da. Noski, aparatua zapata denda batzuetan soilik egongo da. Kreon enpresak Pariseko bi zapata dendetan eta Limogeko beste batean, jadanik, erabiltzen du aparatu hori. Eroslea zapata denda horietara joatean, dendariak zein zenbaki duen galdetu beharrean, oina aparatuan sartzeko eskatzen dio eta pare bat minutuan oinaren neurriak ordenagailuko pantailan agertzen dira. Behin neurriak hartuta, dendariak Kreon enpresari Internet bidez bezeroaren neurriak bidaltzen dizkio. Eroslearen oinaren neurriak kontuan izanik, lehenbailehen zapata egitea besterik ez da gelditzen.

Zapataren merkatua aztertu dutenek diotenez, Europan gisa horretako ekoizpenak saltzeko merkatua badago, nahiz eta ekoizpenaren kostua, noski, handia izan. Zapata horiek luxuzko ekoizpen gisa izendatu dira, eta noski, ez dira guztiontzat eskuragarri izango. Hori bai, Asiako ekoizpen merkeari ez lioke beldurrik izango, luxuzko produktua izanik, prezioari ez baitzaio hainbeste erreparatuko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia