}

Marea gora, marea behera

1999/02/01 Susaeta, Tomasa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mareak itsasoetako ur-masa handien eguneroko mugimenduak dira, Eguzkiak etaIlargiak bere ardatzaren inguruan biraka ari den Lurraren gainean eragiten duten erakartze-indarraren ondorioz sortuak.

Lurrak Ilargiaren erakartze-indarra jasaten du, baina astro horren eta Lurra osatzen duten partikula material bakoitzaren arteko distantzia ez da berdina eta, ondorioz, partikula guztiek ez dute erakartze-indar bera jasaten (erakartze-indarra masen arteko distantziaren berbidurarekiko alderantziz proportzionala da). Eman dezagun Ilargia Lurraren A toki baten zenitean dagoela, Ilargitik eta A puntutik pasatzen den zuzena Lurraren zentrotik (Z puntutik) eta A puntuaren antipodetan dagoen B puntutik ere pasatzen dela. Ilargia A-tik C-tik baino gertuago dagoenez, A puntuan dagoen masak C-n dagoenak baino erakartze-indar handiagoa jasango du eta, alderantziz, B-n erakartzea txikiagoa izango da C-n baino. Lurra urez estalitako globo leun bat dela joz gero, eta ura erraz deformatzen denez, A-n dagoen erakartze-indar handiagoak ezeztatu egingo du ura planetaren erdirantz bultzatzen duen grabitate-indarraren zati bat eta itsasoa altxatu egingo da A puntuan, bai eta A inguruan ere. Eta Ilargiaren erakartzea C-n handiagoa denez B-n baino, indar horrek ezeztatu egingo du B-n dagoen grabitate-indarraren zati bat eta, harrigarria badirudi ere, B puntuan eta inguruetan ura altxatu egingo da, A-n altxatzen dena baino gutxixeago bada ere. Eta, jakina, A eta B inguruetara doan ura bi puntu horien arteko eskualdeetatik iritsiko da eta, ondorioz, leku horietan itsasoaren maila jaitsi egingo da.

Hori da marearen azalpen estatikoa (oso erraztua). Baina Lurra bere ardatzaren inguruan biraka ari denez, uraren altxatze horiek Lurraren azaletik lekualdatuko dira Ilargira begira egoteko beti eta, ondorioz, egunean Lurraren azalaren inguruan bira oso bat egingo dute. Beraz, marea sistema dinamikoa da, bi uhin dituena, nagusi bat (A puntukoa) eta sekundario bat (B puntukoa), Lurraren inguruan biraka ari direnak egun beteko periodoarekin.

Baina mareen fenomenoa askoz konplexuagoa da. Hasteko, mareetan ez du bakarrik Ilargia eragiten, Eguzkiak ere eragiten baitu (Ilargiak baino gutxiago, askoz urrutiago baitago). Bestetik, Lurra ez da nukleo solido bat urez estalia: Lurraren azalean itsasoak, uharteak eta kontinenteak daude tartekatuta eta horrek aldaketa nabarmenak eragiten ditu lehenago azaldutako eredu bakunean.

Izan ere, astroen arteko posizio eta erakartze-indarrez gainera, erresonantzia-fenomeno konplexuak hartu behar dira kontuan. Uraren gainean dagoen uhinaren periodoa ur hori dagoen ontziaren geometriaren araberakoa da. Neurri desberdineko bi ontzi edo bi pertz hartu, urez bete eta ontzi bakoitzaren erdian urazalaren gainean bolatxo bat botaz gero, uhin bat sortuko da: pertz bakoitzaren ertzean ura aldizka altxa eta jaitsi egingo da, baina oszilazioaren periodoa desberdina izango da pertz bakoitzean, periodoa pertzaren forma eta neurriaren araberakoa baita. Itsasoan berdin gertatzen da: kostaldearen forma, sartune eta irtenguneak, itsas hondoko erliebea, sakonera-desberdintasuna... faktore guztiek eragiten dute eta, ondorioz, itsasoa ez da arro bakar bat gisa jokatzen, baizik eta arro handi, ertain eta txiki askok osatutako multzoa da, arro bakoitzak bere oszilazio-periodoa duela. Gainera, arroek elkarri eragiten diote eta, aurrekoa gutxi balitz, erresonantzia-fenomenoak ere gertatzen dira, interferentziak, fenomenoaren konplexutasuna handiagotuz. Horren ondorioz, askotariko marea-motak eta sistemak eratzen dira.

Marearen bitxikeriak

Fenomeno horiek guztiek eragiten dute, adibidez, ozeanoen erdian eta itsaso itxietan mareek oso anplitude txikia izatea (Mediterraneoan, adibidez, 20 cm inguru bakarrik), edo Ipar Atlantikoan edo Indiako Ozeanoko zenbait puntutan marearik batere ez egotea, Kanadako Fundy badian, Eskozia Berrian, 17 m-ko anplitudea duen bitartean; edo gure kostaldean egunean bi itsasgora eta bi itsasbehera ditugun bitartean, Vietnamgo kostaldean itsasgora eta itsasbehera bakarra egotea; edo gure inguruan mareak egun batetik bestera ia ordubeteko atzerapena duen bitartean, Tahitiko kostaldean itsasgora eta itsasbehera beti ordu berean izatea. Edo, beste adibide bat jartzearren, Normandian, Mont-Saint-Michel-en, mareak ia 13 m-ko anplitudea izatea, handik gertu dagoen Mantxako kanalaren sarreran 6,5 m eta gure kostaldean, Bilbon adibidez, 4 m baino ez dituen bitartean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia