Manuel Carreiras Valiña ikertzaileak jaso du 2015eko Euskadi Ikerkuntza Saria
2016/05/11 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Manuel Carreiras (Lugo, 1959) psikologian doktorea da eta, 2008tik, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroko sortzaile eta zuzendari zientifikoa. Neurozientzia kognitiboaren arloan nazioarteko ikertzaile nabarmenetako bat da, batik bat irakurketaren, hizkuntzaren eta elebitasunaren prozesatzeari dagokion arloan. Sariak Manuel Carreirasen lanen kalitate zientifikoa goraipatu nahi izan du, eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren psikologiako ikerketa zientifikoak nazioartekotzen egindako ekarpen handia aitortu dio.
Donostiara etorri zenetik, Euskal Herrian gehien erabiltzen diren hizkuntza biak baliatuz (euskara eta gaztelania), gure garunean hizkuntzek nola funtzionatzen duten ikertu ahal izan du Manuel Carreirasek. Euskarak hizkuntzaren prozesamenduaren ikerketan izan duen garrantzia nabarmendu du ikertzaileak.
Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa zentroan hiru ikerketa-ildo nagusi daude: lengoaia, irakurketa eta garapen-nahasmenduak; eleaniztasuna eta bigarren hizkuntza ikastea; eta neurodegenerazioa, kalte zerebrala eta zahartze osasuntsua.
Eusko Jaurlaritzak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen modalitatean egiten da deialdia; urte bikoitietan aldiz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aitortzen du sariak. Bietan, jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia