Mantis izkiraren armadura, boxeo-zaku baten pare
2010/10/05 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Mantis izkirak armadura dotorea du. Eta harraparietatik babestea ez ezik, beste zeregin bat ere badu kanpo-estaldura gogor horrek. Izan ere, animalia horren etsairik handienetako batzuk beste izkira kide batzuk izan ohi dira; grinaz erasotzen diote, haren gordelekuetatik kanporatzeko (ikusi bideo honetan).
Erasoaldi horietan, oldartzaileak bere mailu-itxurako hagina baliatzen du Mantis izkiraren (Neogonodactylus wennerae) isats gogorra zakar astintzeko, haren gorputzaren pisua baino milaka aldiz handiagoa den indarrarekin astindu ere. Halako kolpeak jasateko bi aukera daude: energia hori guztia erasotzaileari errebotatzea, tranpolin bat balitz bezala, edo energia barreiatzea, boxeo-zaku bat balitz bezala.
Mantis izkiren armadurak nola jokatzen duen ulertzeko, altzairuzko bola bat bota zuten ikertzaileek hildako zenbait izkiraren gainean. Altzairua eskeletoarekin elkartzean, inpaktu-energiaren ia % 70 barreiatu zen. Alegia, boxeo-zakuen ereduari jarraituz jardun zuten.
Irudia: Silke Baron.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia