}

Mamuten ile barruko DNA eskura

2007/10/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Larruazaletik kanpo dagoen ile-zatia ez da izaten DNA-molekula erauzteko tokirik onena, material genetiko gutxi baitu barruan. Hala ere, askotan, aspaldiko bizidunen arrastoen artean, ileak izaten dira, eta ez da izaten beste aukera handirik DNA erauzteko. Horregatik, Kopenhageko biokimikari-talde batek DNA erauzteko metodoa findu du, eta emaitza onak lortu ditu mamuten ileetatik abiatuta.

Biokimikarien arabera, ilearen kanpoko zatiak abantaila handi bat du: keratina du. Keratinak inguratu eta babestu egiten du DNA, eta, beraz, ileko zeluletan, beste zelula askotan baino mantsoago degradatzen da material genetikoa. Abantaila horrek, ordea, ez du jatorrizko arazoa konpontzen; erauzitako DNA-kantitatea oso txikia da. Horregatik, biokimikariek ahalegin berezia egin dute kantitate txiki horri ahalik eta informazio-kantitate handiena ateratzeko.

Emaitzak onak izan dira; Mammuthus primigenius Siberiako mamut iletsuaren DNA mitokondriala aztertu dute, eta beste edozein analisitan baino informazio gehiago lortu dute metodo berriaren bitartez. Besteak beste, Adams mamuta analizatu dute; 1799an aurkitutako ale bat da, izoztu gabe gorde dena. Biokimikarien ustez, orain mamuten arrastoekin erabilitako teknika bera beste bizidun askoren arrastoekin erabili ahal izango da etorkizunean, gizakien arrastoekin adibidez.

Argazkia: Mammuthus Lab Khatanga/Tom Gilbert

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia