Mamuak buruan bizi dira
2000/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zurich-eko Ospitale Unibertsitateko Peter Brugger neurologoak mamuei azalpen zientifikoa bilatu die. Haren ustez, ikusten ez den norbaiten presentzia sentitzea, norberaren gorputza kanpotik ikustea edo gure buruaren bikoitza ikustea ez dira fenomeno paranormalak, akats neuronalak baizik.
Brugger-ek gorputz-adarren bat galdu duten pertsonek galdutako hanka edo besoa sentitzea azaltzen duen hipotesi berbera erabili du mamuen kasuan ere. Baina oraingoan, sentipena gorputzeko gune batean eduki ordez, gorputz osoan izango lukete. Zenbait kasutan irudipenak garunak ongi funtzionatzen ez duelako gertatzen dira. Adibidez, euren bikoitza ikusten dutenek irudiak tratatzen dituen garuneko zatia kaltetuta dute.
Norbaiten presentzia sentitzen dutenek, berriz, lobulu parietaletan (gorputza ingurutik bereizteko erabiltzen dugun zatietan) dute kaltea. Bestalde, norbera kanpotik ikustea garuneko zenbait gunek (lobulu tenporalek ziur aski) jarduera handiegia dutenean gerta daiteke. Hala ere, hipotesi horiek guztiak baieztatzeke daude oraindik.
Brugger gorputz-adarrak galdu dituztenekin erabilitako teknikez baliatuko da -errealitate birtuala, besteak beste- bere hipotesiak baieztatzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia