Malgutasuna: lehiakortasunerako bide
1997/12/01 Aranguren, Mari Jose Iturria: Elhuyar aldizkaria
Euskal Autonomia Elkarteko ekonomiak ere, noski, bereak ditu aipatu ditugun ezaugarri horiek. Egonkortasun gutxiko eremu horiei, ingurune turbulentuak esaten zaie.
Turbulentzia eragiten duten faktoreen arabera azter daiteke eta horrela, turbulentzia-mota desberdinak bereiztuko ditugu.
Turbulentzia eskarian
Eskatutako produktuetan eta horien kopuruan gora-behera handiak daudenean edota merkatuak oso aldakorrak direnean esan ohi da eskarian turbulentzia dagoela.
Munduko ekonomiaren bateratzeak salmenta-kopuruaren aldakortasuna handiagotzen du, kanpoko lehiakortasunaren eta ganbio-tipoaren egonkortasunik ezak eraginda, nagusiki.
Merkatuak irekitzen direnean, enpresen arteko lehia gogorrago bilakatzen da eta bakoitzak bere produktuak bereiztu behar izaten ditu. Gainera, azken urteotan produktuari berari dagokion joera-aldaketa ere nozitu da; seriean ekoiz zitezkeen produktu estandarizatuak eskatzetik bezeroaren neurrira egin behar diren produktu bereiziak eskatzera igaro da industria. Produktu horiek ezin daitezke seriean ekoiztu eta, ondorioz, ekoizpen-sistema malguagoak behar dira.
Eskaria zergatik aldatu den aztertu nahi badugu, faktore bat baino gehiago hartu beharko dugu kontuan; batetik, gure bizi-kalitatearen maila hobeagotzean, gure beharren hierarkia ere aldatu egin da eta kontsumitzaileok gero eta zorrotzagoak gara; bestalde, kontsumitzaileon heziketa-maila ere hobeagoa da gaur egun eta, gainera, komunikazio, informatika, elektronika eta telekomunikazioen garapena dela medio, merkatuei buruzko informazio gehiago erraz eskura dezakegu; bezeroak produktuak ezagutzen ditu eta badaki zein den komeni zaiona. Esandakoaren ondorioz, enpresak mundu osoko lehiakideekin mugitzen dira merkatuan.
Eta, bistakoa denez, gaur egungo ekonomia globalizatu honetan iraun nahi duen enpresak kanpoko merkatuen bila ere jo behar du.
Turbulentzia eskaintzan
Teknologian edota lehiakideen artean eta merkatuan bakoitzak duen egoeran aldaketak gertatzen direnean esan ohi da eskaintzan turbulentziak gertatzen direla.
Lehiakorragoak izateko erabil daitezkeen teknologia berriak eskuratzeko borroka handia izaten da gaur egun eta hortik sortzen da, hain zuzen ere, teknologien aldaketek sortutako turbulentzia. Zenbait ikerketek baieztatu dutenez, teknologia berrien garapenak (mekanismo elektronikoek mekanikoak ordezkatu izanak, zenbakizko kontrol-sistemak erabiltzeak, ordenadorez lagunduriko CAD-diseinua eta CAM-ekoizpenak, eta abarrek) ekonomia unitateen neurriari loturik dauden eskala-ekonomiak gutxiagotzea ekarri du. Hari horretatik tiraka azter daiteke Acs Audretsch taldeak 1990. urtean egindako ikerketa: teknologia malguak ezartzean, tamaina txikiko unitateen unitate-kostuak tamaina handikoenak baino gehiago murriztu dira. Horren ondorioz, tamaina txikiko ekonomia-unitateek handiekiko dituzten kostuen desabantailak gutxiagotzen joan dira.
Lehiakideen artean gertatzen diren aldaketek ere turbulentzia sortzen dutela esan dugu; eskatutako produktuetan, kopuruan edota eskura daitezkeen teknologietan gertatzen diren aldaketak direla medio, ekonomia-unitate berriek produktu berri bat ekoiztuz edota teknologia berriak aplikatuz, sektore batean sartzeko aukera izan dezake.
Ikusi dugunez, turbulentzia faktore askoren ondorio izan daiteke; garai batean enpresa bat lasai-lasai egon zitekeen merkatuko lan-kosturik txikienak zituela pentsatuz, baina gaur egun hori ez da posible. Oinarrian aldaketa sakonak gertatzen ari dira eta horren lekuko dira Industri Ekonomiako ikerketa asko eta asko; horien arabera, gaur egungo merkatu globalizatu honetan lehiakorra izateko enpresaren helburu nagusiak ez dira kalitatea eta zerbitzu ona izatetik malgutasuna helburu izatera pasatu behar dute.
Malgutasunerako bidean
Halaber, ez da batere erraza malgutasunaren definizio zehatza ematea. Stigler (1939) izan zen testuinguru honetan, hau da, enpresen funtzionamenduari dagokionez, lehen aldiz malgutasunaren kontzeptua erabili zuena ekonomiaren literaturan. Unitateko kostuen eta enpresaren output-aren arteko erlazioak U itxura badu, kurba horren beheko zatia zenbat eta zapalagoa izan (output kopuruaren aurrean kostu marginalak zenbat eta gutxiago aldatu) handiagoa izango da enpresaren malgutasuna ekoizpen-gastuetan.
Alabaina, malgutasuna eskariaren gora-beheretara egokitzea baino zerbait gehiago da. Enpresak ezagutza teknikoen aldaketara, modara, kontsumitzaileen lehentasunetara eta kostuei eragiten dieten gainerako faktoreen aldaketetara egokitzen jakin behar du. Horrela, Stiglerrek emandako definizioaren ondoren, definizio zabalagoak aurki daitezke beste zenbait autoreren lanetan —Marschak et. al. (1962), Jones Ostroy (1984), Gustavsson (1984) eta Harrigan (1985), beste batzuen artean—. Horren arabera, enpresa bat malgutzat hartuko dugu ondorengo urtetan egoera berrira igarotzea errazago eta merkeago baldin bazaio.
Ildo beretik, Harriganek esandakoa hona ekartzea merezi du: enpresak merkatuan birposizionatzeko, bere planak egokitzeko eta bezeroentzat erakargarri ez diren estrategiak goitik behera aldatzeko duen gaitasuna da malgutasuna.
Orokorrean, beraz, eta hitz gutxitan esanda, aurrez ikusi ditugun turbulentzia-mota desberdinei aurre egiteko gaitasuna bezala defini dezakegu malgutasuna. Turbulentzia-mota bakoitzari aurre egiteko moduan egon behar du enpresak eta, beraz, malgutasun-motak ere irizpide horren arabera azter ditzakegu.
- Prozesu-malgutasuna. Horren barruan, beste bi malgutasun-mota ikus ditzakegu:
- malgutasuna eskatutako kopuruan: ekoizpen-sistema bera erabiliz eskarien aldaketei erantzuteko gaitasuna.
- malgutasun teknikoa: ekoizpen-prozesu berriak aplikatzeko gaitasuna.
- Produktu/merkatu malgutasuna. Hemen ere, beste bi ezaugarri har daitezke kontuan:
- produktu-malgutasuna: produktu berriak egiteko gaitasuna.
- merkatu-malgutasuna: merkatu berrietara hurbiltzeko gaitasuna.
Arestian esan bezala, gaur egun erabat onartuta dago malgutasunak lehiakorra izateko duen garrantzia; halaber, hurrengo baieztapenean ere bat datoz gaur egungo ikertzaile ia guztiak: malgutasuna turbulentzia-mota desberdinei aurre egiteko gaitasuna izanik, bere garrantzia are nabarmenagoa da turbulentzia handiko sektoreetan. Bestela esanda, eskatzen diren produktuen ezaugarriak, kopuruak, teknologiak eta merkatuak asko aldatzen diren sektoreetan malgua izatea funtsezkoa da lehiakorra izan nahi duen enpresarentzat; lehiakortasunaren aurrean egonkorrak diren sektoreetan, ordea, ez da horren garrantzitsua izaten.
EAEko egoera
Ditugun informazio-iturriekin, ez da batere erraza turbulentzia-mota desberdinak neurtzea eta, noski, horixe egin behar dugu EAEko turbulentzia altuko edo egonkortasun gutxiko sektoreak zein diren jakin nahi badugu. Zenbait sektoretan, gainera, —lehen sektorea, zerbitzuetan...— are zailagoa da behar diren datuak eskuratzea; horrexegatik lan honetan manufaktura-industriako sektoreetan dagoen turbulentzia-maila neurtzera mugatuko gara.
Halaber, ez ditugu hemen turbulentzia-mota guzti-guztiak neurtuko. Iturri estatistikoek —gure kasuan, Eustaten establezimendu-direktorioek eta Industri Inkestek— emandako informazioa oinarritzat hartuta, eskatutako produktuen turbulentzia, eskatutako produktu-kopuruen turbulentzia eta eskaintza egiten duenarena landuko ditugu (horretarako erabili ditugun sistemak eta aldagaiak eranskinean bildu ditugu). Hiru turbulentzia-mota horiek EAEko manufaktura-industrian duten eragina aztertzean lortu ditugun ondorioak 1. taulan daude. Taula horren azalpena eginez gero, ondoko ondorioetara iritsi gara.
- EAEn turbulentzia gutxien duten sektoreak beiraren tratamendua, bestelako ez metalezkoak, galdategiak, automobilak eta ordezko piezak, edariak, arte grafikoak eta plastikoak dira; sektore hauetan guztietan ez da agertu neurtzen ari garen hiru turbulentzietatik bat bera ere.
- Turbulentzia gutxiko sektoreen artean, bestalde, oinarrizko kimika, metalak, larruaren tratamendua eta oinetakoak, kautxua eta pneumatikoak ditugu; produktuen kopuruari dagokionez gora-behera handiak badaude ere, lehiakideengan eta produktuetan ez da aldaketa handirik neurtu.
- Metalezko eraikuntzan, untzigintzan, okintzan, errota-sektorean, arrain-kontserban, zuraren tratamenduan eta altzarigintzan, bestalde, turbulentzia-maila txikia dago; lehiakide handien arteko aldaketak gertatzen badira ere, produktuetan eta kopuruetan ez da aldaketa handirik neurtu.
- Mineral ez-metalikoetan, zementuan, azken kimikan, tresna elektrikoetan, esnekien industrian eta jantzigintzan turbulentzia-maila txikia dago neurtzen ari garen hiru motak kontuan hartzen badira; alabaina, produktu-aldaketa handiak gertatzen dira sektore hauetan.
- Ondoko sektoreetan turbulentzia-maila altua dagoela ondorioztatu dugu, neurtzen ari garen hiru turbulentzia-ereduetatik gutxienez bi nabarmen agertu baitira:
- Mineral metalikoak, ez-burdinezko metalurgia, burdinola eta estanpazioa, bestelako janari industriak eta bestelako manufakturak; hauetan guztietan lehiakideen arteko aldaketak eta eskarian ematen diren gora-beherak oso nabarmenak dira.
- Kimika industriala, bestelako makineria, bulegoko tresnak eta doitasunezkoak, bestelako material elektrikoak eta bestelako garraio-materiala; lehiakideen arteko aldaketa eta eskatutako produktuen gora-beherak handiak dira sektore hauetan.
- Makina-erreminta, txokolatea, ehungintza eta papergintzan produktuen eta kopuruen gora-beherak nabarmendu dira.
- Azkenik, siderurgia eta harakintza dira EAEko sektoreetan turbulentzia-mailarik altuena dutenak; lehiakideen aldaketak eta produktuetan eta kopuruetan ematen diren gora-beherak bereziki handiak dira bi sektore hauetan.
Dudarik gabe, malgutasuna lehiakorra izateko bidea da sektore guzti-guztietan. Alabaina, malgua izateak berebiziko garrantzia du turbulentzia-maila altua duten sektoreetan.
1. Eskatutako produktuen turbulentzia: Faktore hau neurtzeko Eustaten establezimenduen direktoriotik abiatu gara. Direktorio honetan establezimendu bakoitzaren hiru iharduera nagusienak datoz CNAE-74ko sailkapeneko 4 digito erabiliz. Eustaten C sektorizazioa ezagutuz, badakigu CNAE 4 digitoko iharduera bakoitzaren zein sektoretara eslei daitekeen. Neurketarako 1990etik 1993ra bitarteko direktorioak erabili dira. Sektoreko turbulentzia neurtzeko aldagai gisa 4 urte hauetan produktua aldatu duten establezimenduen portzentaia erabili dugu. Aldagai hori kalkulatzeko, establezimendu batean urte batetik bestera produktua aldatu dela kontsideratu dugu eta iharduera nagusia (CNAE-74 4 digito bidez adierazita) sektorez (Eustateko C sektorizazioa erabiliz) aldatu bada. non: 2. Eskatutako produktu-kopuruaren turbulentzia: Eustaten Industri Inkestatik 1985 eta 1993 urte bitarteko ekoizpena aztertu dugu. Hau ezagutuz, 1993ko produkzioa erregresio anizkoitz baten bidez aurreko urteetako ekoizpenaren funtzioan jarriz, erregresio zuzenkiaren determinazio-koefizientearen (R2) alderantzizkoa kalkulatu dugu eta horren bidez neurtu dugu eskatutako produktu-kopuruaren turbulentzia. 3. Eskaintza turbulentzia: 99 langile baino gehiagoko tartean zeuden establezimendu-aldaketen bidez neurtu dugu. Sektore bakoitzean tarte honetan dagoen establezimendu-kopuruarekiko tarte honetan sartzen eta bertatik irteten diren establezimenduen portzentaiaren bidez neurtu dugu turbulentzia hori. non: |
EPT BATEZB. | EPKT 1,5. | ET BATEZB. | |
Metalezko mineralak | X | X | |
Siderurgia | X | X | X |
Ez-burdinazko metalurgia | X | X | |
Ez-metalezko mineralak | X | ||
Zementuak | X | ||
Beira | |||
Bestelako ez-metalezkoak | |||
Oinarrizko kimika | X | ||
Kimika industriala | X | X | |
Azken kimika | X | ||
Galdategiak | |||
Forjaketa eta estanpazioa | X | X | |
Metalezko eraikuntza | X | ||
Metalezko artikuluak | X | ||
Makina erremintak | X | X | |
Bestelako makineria | X | X | |
Bulego makinak eta doitas. | X | X | |
Etxetresna elektrikoak | X | ||
Bestelako material elektrikoa | X | X | |
Automobilak eta piezak | |||
Untzigintza | X | ||
Bestelako garraio-materiala | X | X | |
Harakintza | X | X | X |
Esnekien-industriak | X | ||
Arrain-kontserbak | X | ||
Okintza eta errotaritza | X | ||
Txokolatea | X | X | |
Bestelako janari-industriak | X | X | |
Edariak | |||
Tabakoa | |||
Ehungintza | X | X | |
Jantzigintza | X | ||
Larrua eta oinetakoak | X | ||
Egurra | X | ||
Zurezko altzariak | X | ||
Papera | X | X | |
Arte grafikoak | |||
Kautxua eta pneumatikoak | X | ||
Plastikozko artikuluak |
Bestelako manufakturak
XXGai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia