Malaspina 2010, klima-aldaketaren uberan
2011/06/18 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Malaspina 2010 izena eman diote munduko ozeano guztietan azterketa ozeanografiko sakona egiteko helburuarekin egiten ari diren zirkumnabigazio-espedizioari. Diziplina askotako ikertzaileak itsasoratu dira zazpi hilabetez, askotariko neurketa eta azterketa egiteko. Espedizioaren azkeneko helburua da ozeanoaren egoeraren "argazki" bat ateratzea, eta ikustea zer eragin izaten ari den klima-aldaketa egoera horretan.
Alejandro Malaspina zientzialariari zor dio izena Malaspina 2010 espedizioak, XVIII. mendean helburu zientifikoekin egin zen lehen zirkumnabigazio-espedizio espainiarra zuzendu zuen marinelari. 1789. urtean abiatu zen, eta, bost urtez, zehatz-mehatz aztertu zituen Amerikako, Asiako eta Ozeaniako itsaso eta lurrak Atrevida eta Descubierta ontzietan.
Haren heriotzaren 200. urteurrenean, Hesperides itsasontzian egiten ari dira bidaia ehunka lagun. Izatez, itsasontzia bera eta tripulazioa militarrak dira, baina zientzialariei eskainitakoa da. Laborategi asko ditu barruan, baita hainbat eta hainbat neurketa egiteko tresnak ere.
Espedizioa sei etapatan nabigatzen ari da munduaren inguruan, eta, denera, 250 ikertzaile ari dira parte hartzen; besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko hiru ikertzaile (itsas mikrobioak aztertzen dituzte), eta AZTI-Tecnaliako ikertzaile bat (zooplanktona du ikergai). EHUko itsas mikrobioen taldeko buru Juan Iriberrik azaldu duen bezala, "ikertzaile guztiak ezin dira espedizio guztian batera egon itsasontzian, ez baitago lekurik". Hori dela eta, EHUko ikertzaileak sei etapetako lauretan egon dira; lehenengo bietan ikertzaile bana izan dira, eta, azkeneko bietan, beste bat. Une honetan, hain zuzen, azkeneko etapa egiten ari dira, Kolonbia eta Cádiz artean. Uztailean bukatuko da itsasontziaren espedizioa, eta orduan hasiko da jasotako lagin-bilduma aztertzeko garaia. Urte askoko lana izango dela aurreikusi dute ikertzaileek.
Laginak hartuta, lanari ekin
Mundu osoko ibilbidean uretako hainbat parametro etengabe neurtzeaz gain (hala nola uraren eta atmosferaren arteko gas-trukea), Malaspina 2010 espedizioan ur-laginak ere hartuko dituzte. Aurrez zehaztutako 180 estaziotan jasoko dituzte, eta oso garrantzitsua da ikertzaileentzat ur-laginak sakonera handietan hartu ahal izatea. Izan ere, Iriberrik dioenez, "ozeanoaren azaleko aldea bakarrik ezagutzen dugu, argiztatuta dauden lehen 200 metroak, gutxi gorabehera. Hortik beherakoari buruz, berriz, ezer gutxi dakigu".
Horretarako, erroseta deritzon gailua botatzen dute itsasora. Gailua gai da ur-zutabe jakin batean laginak hamar sakoneratan hartzeko, eta 6.000 metrorainoko sakonerara jaisteko. Errosetak zirkulu bat eratzen duten hainbat botila ditu, eta botila horietako bakoitza sakonera jakin batean ixten da. EHUko Zuriñe Baña ikertzaileak azaldu du nolakoa den laginak hartzeko prozesua: "Goizeko lauretan, itsasontzia gelditu egiten da ura hartzeko, gauean zehar gune batetik bestera mugitu ondoren. Lehenik eta behin, itsas zutabeak zer ezaugarri dituen begiratzen dugu, eta horren arabera erabaki ur-laginak zein sakoneratan hartuko ditugun". Bildutako laginen zati bat berehala aztertzen dute, ontziko laborategian bertan. Beste zati bat -80 ºC-an kontserbatzen dute, aurrerago aztertu ahal izateko.
Ur-laginak behin itsasontzian daudela, diziplina guztietako ikertzaileek aztertzen dituzte, nork bere ikerketa-arloan interesekoa den horri begiratzeko. Ikerketa-esparru askotako ikertzaileak daudenez, asko dira egiten dituzten neurketak. Batzuek uraren ezaugarri fisikoei begiratzen diete, hala nola tenperaturari, gazitasunari eta oxigeno-kontzentrazioari. Beste batzuek bizidunak bilatzen dituzte (hiru taldetan banatuta daude ikertzaile horiek: batzuek mikrobioak bilatzen dituzte, hau da, birusak, bakterioak eta horrelakoak; beste batzuek alga txikiak, eta zenbaitek animalia txikiak). Beste talde batzuek gizakiak isuritako agente poluitzaileak neurtzen dituzte ur-laginetan uraren kutsadura-maila ezagutzeko, eta abar.
Hala, munduko ozeano guztien gaur egungo egoerari buruzko informazio asko eta asko aterako dute. Gainera, -80 ºC-an gordetako laginekin "Malaspina bilduma" osatzen ari dira. Bilduma hori "30 urtez mantenduko da ukitu gabe. Hala, oraindik jaio ere ez diren ikertzaileek lagin hauexek aztertu ahal izango dituzte, askoz ere gaitasun teknologiko handiagoarekin. Oso gauza baliotsua da hori", adierazi du Iriberri irakasleak.
Ortzadar-e n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia