Malariari aurre egiteko eltxo transgenikoak sortu dituzte

Malariari aurre egiteko eltxo transgenikoak sortu dituzte


Malaria eragiten duen bizkarroiarekiko erresistenteak diren eltxo transgenikoak sortu dituzte Kaliforniako Unibertsitateko zientzialariek. Hautsak harrotzen ari den geneak editatzeko teknika berri bat erabili dute horretarako, eta teknika horri esker lortu dute eraldatutako eltxoen ia ondorengo guztiek heredatzea bizkarroiarekiko erresistentzia. Hala, eltxo basatietan aplikatuz gero, berehala zabalduko litzateke populazioetan.

Duela hiru urte, saguak malariarekiko erresistente egiten dituen antigorputzaren genea Anopheles stephensi eltxoaren genoman txertatu zuten. Eta ikusi zuten, malaria eragiten duen bizkarroiaren bizi-zikloa etetea lortzen zela eltxo horietan; eta, hala, malaria transmititzeko gaitasuna galtzen zutela. Arazoa zen, ezinezkoa zela gene hori eltxoen populazio basatietan hedatzea.

Orain, ordea, PNAS aldizkarian argitaratu dutenez, CRISPR/Cas9 teknika erabili dute eltxo transgeniko horiek sortzeko. Horrela lortu dute eraldatutako eltxo arren ondorengoen % 99k heredatzea antigorputzaren genea, eta ikusi dute genea aktiboa dela eltxo horietan. Hala, kalkulatu dute, 10 belaunaldi nahikoak liratekeela gene horiek populazio batean hedatzeko.

Hain zuzen ere, CRISPR/Cas9 teknika hautsak harrotzen ari da azkenaldian. Batetik, giza enbrioiak lehenengoz genetikoki eraldatzeko erabili zuten Txinan, eta, bestetik, ikertzaile eta adituak teknika hori zuhurtzia handiz erabiltzeko ari dira eskatzen (1,2,3), batez ere, eraldaketak populazioetan hedatzeko duen gaitasunagatik. Malariaren aurkako eltxo transgenikoak sortu dituztenek ere aitortu dute zuhurtziaz jokatzea derrigorrezkoa dela, eta, besteak beste, ongi neurtu behar direla, eltxo horiek populazio basatietan askatzeak izan ditzakeen eraginak.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna