Malariaren historia, geneetan irakurrita
2001/06/26 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Afrikara edo Hegoamerikako zenbait herritara joan nahi duena txerto asko hartzera behartuta dago, besteak beste, malariaren aurkakoa. Tropikoaren inguruko herriak oso erakargarriak izanda ere, eltxoak eta beste intsektu batzuk ugari dira eta gaixotasun asko kutsatzen dituzte.
Sarah Tishkoff biokimikariak zuzentzen duen Maryland-eko ikerketa-talde bateko kideek, malariaren aztarna genetikoak aztertzen saiatu dira, eta atera dituzten ondorioak harrigarriak dira. Gaixotasun hori gizakiontzat arazo larri bihurtu zenetik, gehienez, 12.000 urte pasatu dira. Gaixotasuna bera zaharra da, baina ez du gizakiaren genoman arrastorik utzi duela ‘gutxi’ arte.
Malaria endemikoa den tokietako biztanleek mutazio jakin batzuk izaten dituzte genoman. Esate baterako, horietako bat G6PD genearena da, glukosa-6-fosfato dehidrogenasa proteina kodetzen duena. Asko aztertutako proteina eta genea dira eta, beraz, genoman errazak analizatzen.
Zientzialariek Afrikako eta Europako 747 pertsonen odola erabili zuten azterketa genetikoa egiteko. Gero, ordenagailu baten bidez eboluzioaren jarraipena simulatu zuten. Atera zuten ondorioetako baten arabera, malariak nekazaritzarekin batera hartu zuen garrantzia, gehienez duela 12.000 urte. Ikertzaileek diote garai hartan baso asko suntsitu zirela eta, ondorioz, malaria kutsatzen duen eltxoarentzat egokiak diren inguruneak ugaritu zirela.
Beste mutazio bat aztertzean, gaixotasuna duela 6.000 urte ohikoa egin zela Mediterraneoan ikusi dute ikertzaileek, seguru asko, bidaiari eta merkatari grekoek transmitituta. Izan ere, Homero eta Platonen idatzietan malariaren antzeko gaixotasun larri bat deskribatuta dago. Zientzialariak pozik daude emaitza horrekin, hipotesi hutsa besterik ez bada ere, historiak, arkeologiak eta genetikak indartzen baitute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia