}

Malariaren aurrean indartsuenak

1996/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Malariaren aurka, berezko babes-mekanismoak garatzen dituzte argazkiko umeek. Oxfordeko ikertzaile-talde batek Vanuatu-n egindako lanaren emaitzak eman ditu ezagutzera.

Vanuatu-n bizi dira argazkiko umeak. Azken bizpahiru urteotan bertan beraiekin lanean aritu da Oxford Unibertsitateko ikertzaile-talde bat, herrialde horietan ematen diren malaria-kasuez kezkatuta. Hona hemen ikerketaren emaitzarik harrigarriena: Vanuatu-ko umeak ez dira malariak jota hiltzen nahiz eta Plasmodium falciparum parasitoaren formarik hilgarrienak behin eta berriro eraso egiten dien.

Portaera bitxi horren arrazoia, berriz, zera omen da: haurtzaroan malariaren P. vivax delako formaren eraginpean bizi omen dira ume horiek eta horrek gaixotasunaren kontrako inmunitatea ematen omen die.

Irailaren bukaeran Glasgow hirian egin den nazioarteko biltzarrean ezagutarazi zuten Vanuatu-ko kasu harrigarri hori Oxfordeko ikertzaileek. Bertan esan zutenez, bi urte bitarteko umeen artean P. vivax-ek kutsatutako malaria-kasuak nagusi diren bitartean, 2tik 5era bitartean P. falciparum-a eraginkorragoa omen da; azkenik, bost urtetik gorakoen artean ez da apenas malariarik ematen. Bi forma horien elkarrekintzak inmunitate-sistemak gararazten dituela ondorioztatu dute ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia