}

Malariaren aniztasun genetikoa

2002/07/18 Elhuyar Zientzia


Irudian odoleko globulu gorriak ikusten dira. Horietako batzuk Plasmodium falciparum bizkarroia dute barnean.

Malaria, zoritxarrez, munduko inguru askotan oso ohikoa den gaitz hilgarria da: urtero 2,7 milioi pertsona hiltzen dira gaitz horrek jota. Gainera, orain arte gaitzaren aurka erabili den botikak, klorokina deritzonak, gero eta eragin gutxiago duela jakin da orain dela gutxi.


Gaitzak duen garrantzia ikusita, Estatu Batuetako zientzialari talde-batek malariaren sortzailea den Plasmodium falciparum bizkarroiaren genoma sakon aztertu du, eta ez dute berri onik lortu.


Haien azterketen arabera, bizkarroiaren genoma uste baino askoz dibertsoagoa eta zaharragoa da. Espezie baten barruan genoma-dibertsitate handia izateak esan nahi du bizkarroiak txertoei eta botikei erresistentzia handiagoa izan diezaiekeela: genomak eraldatzeko gaitasun handiagoa du eta botiken aurka erresistenteak diren mutanteak agertzea errazagoa da.


Plasmodium falciparum espeziearen baitan hainbat aldaera daude, gaitza agertzen den kokapen geografikoarekin erlazionatuta. Horrela, malaria oso ohikoa den lurralde bakoitzean, Asian eta Afrikan esaterako, bizkarroiak aldaera genetiko propioa du.


Zientzialari-taldeak egindako azterketaren arabera, orain ezagutzen diren bizkarroiaren aldaerak duela 180.000 miloi urte sortu ziren, eta data horrek gizakiaren migrazio handiak gertatu ziren aldiarekin bat egiten du.


Bizkarroiaren ondare genetikoaren azterketak botika berrien garapena erraztuko duela diote zientzialariek, orain arte ez bezala, bizkarroia erasotzeko beste bide batzuk aztertzea ahalbidetuko duelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia