}

Makakoen estatus soziala geneen espresioan islatzen da

2012/04/27 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

makakoen-estatus-soziala-geneen-espresioan-islatze
Arg. Maitree Laipitaksin/123RF

Egitura sozialen maila baxuenetan kokatutako banakoek osasun-egoera kaskarragoa izan ohi dute, estresaren ondorio nabarmenagoak, eta zaurgarriago dira gaixotasunekiko. Arrainetan gertatzen da hori, bai eta erleetan eta primateetan ere —gizakia barne—. Bataren eta bestearen kausa-efektu erlazioak zein diren argitu nahian, Chicagoko Unibertsitateko Giza genetika Saileko Jenny Tungek gidatutako talde batek 49 rhesus makakoren gene-espresioa ikertu du, eta ondorioztatu du hierarkian duten tokiaren arabera aldatu egiten dela geneen espresioa. Zehazki, immunitate-sisteman zeresana duten zelula batzuen geneak aztertu dituzte (PBMC zelulenak), eta behatutako 6.097geneetatik 987tan detektatu dituzte estatusari loturiko espresio-aldaketak.

Estatusa ez beste kondizioak kontrolatuz eta berdinduz, bosteko talde txikitan banatu zituzten makakoak ikertzaileek. Estatusa taldean sartzeko ordenaren araberakoa zen —hala izan ohi da makakoetan—, eta hala islatu zen makakoek elkarrekiko izandako portaeretan (erasoak, garbiketa-saioak…). Bada, analisi genetikoak egindakoan, ikertzaileek erlazio adierazgarria aurkitu zuten PBMC zelulen gene-espresioaren eta makakoen estatusaren artean; areago, bildutako datu genetikoetatik abiatuta, 10 banakoren estatusa iragartzeko gai izan ziren % 80ko zehaztasunez. Halaber, makakoak taldez, eta, ondorioz, mailaz aldatzean, geneen espresioa ere aldatu egiten zela ikusi zuten: estatus berriari zegokion patroia azkar gailentzen zen zeluletan.

Chicagoko Unibertsitateko ikertzaileek espresio-aldaketen balizko mekanismo molekularrak ere ikertu dituzte, eta ikusi dute kasuen bi herenetan baino gehiagotan bi aldaketa hauek zirela tarteko: ehunaren konposizioan izandako aldaketak eta glukokortikoideen erregulazioan  izandakoak (estresaren ondorioz gertatu ohi dira aldaketa horiek). DNAren metilazioan ere aurkitu dituzte aldeak, estatus handiko eta txikiko makakoak bereizteko adinakoak.

Ikertzaileek PNAS aldizkarian argitaratutako artikuluan nabarmendu dutenez, lortutako emaitzek adierazten dute, batetik, estatusaren eta gene-espresioaren arteko erlazioaren eragilea estatusa dela, eta ez alderantziz, eta, bestetik, gene-espresioaren plastikotasuna handia dela. >

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia