Maite zaitut betiko
2004/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Egiptoarrek gizakiak bezain ondo momifikatzen zituzten animaliak. Hain zuzen ere, K.a. 818-343 urteen artean momifikatutako animalia batzuen analisi kimikoa egin dute ikertzaile batzuek, eta ikusi dute pertsonak momifikatzeko erabiltzen zituzten gai kimiko berak erabiltzen zituztela animaliekin.
Ikertzaileek kromatografia eta masa-espektrometroak erabili dituzte gai horiek identifikatzeko, eta, besteak beste, gai organiko asko erabiltzen zituztela frogatu dute, hala nola, argizaria, landareen erretxinak eta olioak, goma etab. Gizakiekin ere horiek berak erabiltzen zituzten helburu berekin: argizaria, olioak eta erretxinak mikroorganismoen eta onddoen aurkako eragina dutelako eta hezetasuna galarazten dutelako, goma loturak itsasteko... Horiez gain, petrolioaren arrastoak ere aurkitu dituzte. Petrolioa momiak luzaroan iraunarazteko erabiltzen zuten, baina baita kolorea emateko ere.
Egiptoarrek milioika ugaztun, hegazti eta narrasti utzi zituzten momifikatuta; horregatik, adituek ez zuten uste prozesu oso konplikatua erabiliko zutenik haiekin. Katu baten, ibis baten eta bi belatzen momiak sakon aztertuta, ordea, garbi gelditu da usteak ustelak zirela. Azken batean, horrek agerian uzten du animalia horiek benetan garrantzitsuak zirela garai hartako egiptoarrentzat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia