Mahatsen, laranjen eta oliben azpi-produktuekin pentsu jasangarriak egin dituzte AZTIk koordinatu duen nazioarteko lankidetza batean. Prozesu berritzaileen bidez, elikagai-industriako azpiproduktu horien digerigarritasuna eta nutrizio-profila hobetzea lortu dute, animalien dietarako egokiak izan daitezen.
NEWFEED proiektuan ikerketa-zentroak eta elikagai-enpresak aritu dira elkarlanean. Esaterako, AZTI eta NEIKER ikerketa-zentroak, Baigorri upategiarekin eta Riera Nadeu teknologia-hornitzailearekin batera aritu dira, mahats-mordotik aleak bereiztean gelditzen den zati zurkara ardientzako eta behientzako elikagai bihurtzeko. Grezian, laranja-azala eraldatuta ardientzako proteina lortu dute. Eta Egipton, olibatik olioa atera ondoren gelditzen den azpiproduktua oilaskoentzako pentsu bihurtu dute.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.