Magnesio silikatoa eta Lurraren errotazioa
2008/04/07 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Lurraren errotazioa mantsotzen ari da, eta Ilargia da horren errudun. Hala ere, errotazioan abiaduraren galera ez da konstantea; batzuetan azkartu eta beste batzuetan mantsotu egiten da. Inork ez daki zergatik, baina Tokioko Unibertsitateko geologo batzuek azalpen posible bat eman dute.
Proposatutako azalpenak mineral batekin du zerikusia. Ustez, magnesio silikato mota bat ugaria da Lurraren mantuaren azpialdean, 2.900 kilometroko sakoneran, eta, han duen presioarengatik, mineralak forma berezia hartzen du. Forma horrek eroankortasun elektriko handia ematen dio mineralari, eta horregatik uste dute geologoek mantuaren azpialdeko geruza eroalea dela, eta, horren ondorioz, Lurraren nukleoaren eremu magnetikoak eragiten diola. Hori egia bada, litekeena da mantuak salto txikiak egitea nukleoarekiko, eta, beraz, Lurraren errotazioan ere sumatzea salto txiki horiek.
Geologoek laborategian baieztatu dute magnesio silikatoaren forma berezia eroalea dela, eta inguruan burdina izateak eragiten diola (Lurraren nukleoa burdinazkoa da). Azkenean, japoniarren hipotesiaren aldeko datuak dira, baina onartzen dute beste azalpen batzuk ere egon litezkeela errotazioaren gorabeherak azaltzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia