}

Luzatze-ariketak egitea, alferrikakoa

2002/08/30 Elhuyar Zientzia

Kirolari askok, giharretako kalteak saihesteko asmoz, luzatze-ariketak egiten dituzte saioaren aurretik, baita ondoren ere. Australian egindako ikerketa baten arabera, ordea, luzaketak egitea ez da uste bezain mesedegarria.

Luzaketen ustezko onurak 1960ko hamarkadan hasi ziren zabaltzen. Garai hartan, jendea kirola egiten hasi zen, eta, orduan, giharren fisiologiari buruzko azterketa ugari egin ziren. Luzaketek lesioak prebenitzen zituztela zioen teoriak logikoa eta zuzena zirudien, eta asko zabaldu zen.

Orain, ordea, teoria okerra zela adierazten duen ikerketa plazaratu da. Australiako ikertzaile batzuek bost azterketatan jarri dute arreta; horietako hiruk ariketaren ondoren egindako luzaketen ondorioak aztertzen zituzten, eta beste biak aurretik egindakoenak. Emaitzak adierazgarriak dira: luzaketak eginda ezer gutxi arintzen da giharretako mina, eta ez dute ia batere laguntzen lesioak prebenitzen.

Adituen esanean, gihar-minak eta lesioak saihesteko, onena kirola sarritan egitea eta ondo entrenatua egotea da. Nolanahi ere, kirola egiten hastean gorputza pixkana berotzea ere mesedegarria dela onartzen dute, baina luzatze-ariketak egitea soilik ez omen da nahikoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia