Lutezia asteroidea, kraterrez beteta
2010/07/13 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
ESA Europako Espazio Agentziaren Rosetta zunda Lutezia asteroidearen albotik pasatu da, eta haren gainazala kraterrez estalita dagoela egiaztatzen duten lehenbiziko irudiak lortu berri ditu.
Uztailaren 10ean pasa zen Rosetta asteroide horren albotik, 3.162 kilometroko distantziara, segundoko 15 kilometroko abiaduran. Eta une hartan lortutako irudiek erakutsi dute, hain zuzen, Luteziaren gainazalaren itxura.
Gerturatze-unean, asteroidearen errotazioak gainazaleko zati esanguratsu bat hartzen duen sakonune handi bat utzi zuen agerian. Krater ugari dituenez gero, ikertzaileek ondorioztatu dute asteroideak 4.500 milioi urteko bere existentzian talka ugari pairatu dituela.
Zehaztasun handiko irudi horiek guztiak espazio-zundaren OSIRIS gailuari esker lortu dira; objektibo angeluhandi bat da, teleobjektibo batekin konbinatua. ESAK zehaztu du, halaber, Lutezia luzanga dela eta 130 bat kilometroko luzera duela.
Aurrerantzean, Rosettak Txuriumov-Gerasimenko kometarekin elkartzeko bideari ekingo dio. Haren orbitara iristean, Jupiterren ingurutik Eguzkira bidean kometaren bidaide izango da. Aurreikuspenak betetzen badira, 2014. urtean iritsiko da bere helmugara, bertan ere datu berriak eskuratu nahian.
Argazkia: ESA.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia