Lurzoruaren biodibertsitatea kontserbatzeko puntu kritikoen mundu-mapa osatu dute. Eta eremu horien gehiengoa babesik gabe dago gaur egun. Azterketaren egileek aldarrikatzen dute garaia dela lurzorua kudeatzeko eta kontserbatzeko lehentasunak ezartzeko.
Lurzoruak lehorreko ekosistema guztien oinarria badira ere, landareekin eta animaliekin ez bezala, oraindik ez dago lurzoruak kontserbatzeko puntu kritikoen ebaluazio orokorrik. Nature aldizkarian argitaratu duten lan batean, kontinente guztietako 615 lurzoru-laginetan aztertu dituzte haien biodibertsitatea (arkeoak, bakterioak, onddoak, protistak eta ornogabeak) eta funtzioak. Horrela identifikatu dituzte munduan zehar dauden puntu kritikoak. Eta ikusi dute puntu horien % 70 baino gehiago ez daudela babestutako eremuetan, eta, beraz, zaurgarriak direla.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.