Lurrikarak: Ezkutuko energia suntsitzailea
1999/02/07 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Lurrikara oinpean bat-batean askatzen den energia besterik ez da. Bat-batean, lurrazalean, ehundaka urtetan tentsioan egon diren arrokek amore ematen dute eta puskatu egiten dira, tentsio gehiegi jasaten duten malgukiak balira bezala. Etena zorupean hedatzen da, faila batean bi arroka-bloke irristatzean. Lurrikararen potentziaren arabera, faila zentimetro batzuk edo ehundaka metro irrista daiteke. Bata bestearen kontra mugitzerakoan, txikitutako arrokek bibrazioa eragiten dute. Igurtzi ezengokor horien ondorioz lur osoan zabaltzen diren uhin sismikoak sortzen dira, uretara harri koskor bat botatzerakoan zabaltzen diren uhinak bezalakoak. Uhin horiek dira lurra mugitzen dutenak, lurrazalean nabaritzen direnak. Sakonean etena sortzen den tokiari hipozentro deitzen zaio, eta azalean horren parekoari epizentro. 1906. urtean San Frantzisko txikituta geratu zen arte, ez zen loturarik egiten failen eta lurrikaren artean. Orduan egiaztatu zen astinaldia ehunka metro zituen San Andres failan izandako 5 metroko irristaldiagatik gertatu zela. Gainera, hainbat irristaldi-mota desberdindu ziren. Batetik, ohikoak daude, arroka-blokeak tira egiten dien tentsioari jarraituz plano inklinatu batean urruntzen hasten direnean gertatzen direnak. Horrelakoetan lurrak beherantz egiten du, rift izeneko paisajeak sortuz. Bestetik, konpresio bidez sortzen diren failak daude, aurrekoaren aurkako fenomenoak eraginez; besteak beste mendiak sortaraziz. Azkenik, irristaldi horizontalak daude, bloke bat beste baten aurka irristatzen da erliebea sortu gabe. Kaliforniako San Andres faila horietakoa da.
Arroka-blokeen borrokaren errua Lurraren berotasunak du, 2.900 kilometroko sakoneran dauden arrokek beroa sortzen baitute etengabe. Oreka termikoari eutsi ahal izateko, Lurrak askatu egin behar du energia hori. Arrokak berez beroaren eroale txarrak direnez, konbekzio-korronte erraldoien bidez lurrazalera piskanaka igotzen dira. Mugimendu horiek oso geldoak dira, urteko 10 zentimetro ingurukoak, baina eurek eragiten dute plaka tektonikoen mugimendua. Sakonean arrokak solidoak dira, baina poliki-poliki eta puskatu gabe deformatzen dira; azalean, aldiz, lehen 20 kilometroetan, arrokak hotz egoten dira eta sakoneko mugimenduaren ondorioz puskatu egiten dira.
Energia sismikoaren % 80 subdukzio-guneetan askatzen da, ozeanoko zorua kontinente azpira sartzen den guneetan; horregatik daude hainbeste lurrikara Japonian eta Andeetan. Energia sismikoaren gainerakoa muga tektonikoetan azaleratzen da, kontinenteek bat egiten duten tokietan, adibidez Alpeetan edo Himalaian. Baina horrelako tokietatik kanpo ere egiten du ikara lurrak. Izan ere, lurrak ikara egiten duenean hipozentrotik abiatutako dardarak alde guztietara zabaltzen dira. Bibrazioak bi motakoak dira: alde batetik arrokak bultzatu eta tiratzen dituztenak; bestetik, arrokak ebakitzen dituztenak, arriskutsuenak. Lehenengoak azkarrak dira eta bigarrenak motelak baina indartsuagoak. Bibrazioak ez dira horrekin amaitzen, lurra ez denez homogeneoa, uhinak errebotez ere irits daitezkeelako, beste era bateko bibrazioak sortaraziz. Zorionez, hipozentrotik urrundu ahala indarra galtzen dute uhinek eta eragin txikiagoa dute. Magnitudea eta intentsitatea erabiltzen dira lurrikarak neurtzeko. Magnitudea Richter eskalari dagokio, hau da, sismografoek neurtzen duten uhinen anplitudeari. Gainera magnitudeak ere lotura zuzena du failaren luzerarekin eta bi blokeen irristaldiaren tamainarekin. Intentsitatea, berriz, lurrikarak toki jakin batean eragindako kalteen baliospen hutsa besterik ez da. Lurrikaretan gune sismiko jendetsuak izaten dira kaltetuenak. Badira, hala ere, jende-kopuruak baino lurrikarak arriskutsuago bihurtzen dituzten eragile gehiago: uhinen potentzia, hipozentroaren gertutasuna, lurraren ezaugarriak, eraikinen ezaugarriak, eta lurrikara zer ordutan gertatzen den. Esandakoaren adibideak ugari dira: Mexikon 1985. urtean 20.000 pertsona hil ziren, nahiz eta lurrikararen epizentroa 350 kilometrora egon; lurraren ezaugarrien seinale. 1994. urtean Los Angeles astindu zuen 6,8 magnitudeko lurrikarak, eta 61 lagun besterik ez zituen hil, eraikinak prestatuta baitaude; Kairon, berriz, askoz ere lurrikara txikiago batek milaka lagun erahil zituen 1992. urtean. Eta 1986. urtean Greziako Kalamata hiria suntsitu zuen lurrikara batek, baina biztanle gehienak jaietan zeudenez ezer gutxi gertatu zen. Eragile horiek biltzen direnean gertatzen dira sarraskiak.
Lurrikarei aurre egiteko, beste hainbat gaitan bezala, prebentzioan dago gakoa. Dena den, gaur egun ezinezkoa da lurrikara noiz eta non gertatuko den iragartzea, oraindik ez baita ezagutzen etena eragiten duen mekanismoa. Lurraren dardara txikiak, putzuetako ura zikintzea, iturrietan aldaketak gertatzea, abereen jarrerak arrarotzea eta lur azpiko urak berotzea lurrikarraren seinale bezala hartu izan dira; baina horrek ere ez du ziurtasunik ematen.
Ikusitakoak ikusita; hau da, ezin dela lurrikararik iragarri, ezin direla galarazi, eta har daitekeen neurri eraginkorrena hartzea ere kostako dela, hasierara bueltatu behar. Gizakia beti izan da lurrikararen beldur, gaur ere badu beldur izateko arrazoirik, eta iragartzea posible den arte izango du oraindik lurrikararen beldur izateko arrazoirik. Obsesiorik gabe, jakina.
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia