}

Lurretik hurbilagoko hegaldiak, gutxiago poluitzeko

2002/10/17 Elhuyar Zientzia

Jakina da hegazkinen hegaldiek berotegi-efektua areagotzen dutela. Batetik, motorrek, erregaia erabiltzean, karbono dioxidoa igortzen dute. Bestetik, frogatuta dago hegazkinen atzealdean ur-lurrunak eta izotzak sortzen dituzten arrasto zurixka horiek hodeien antzera jokatzen dutela ; hau da, arrastoek ez diote beroari ihes egiten uzten eta, ondorioz, tenperatura igoarazten dute.

1999an, berotegi-efektuan arrasto zuriek duten eragina karbono dioxidoaren adinakoa zela kalkulatu zuen aditu-talde batek. Baina, urtetik urtera aire-zirkulazioa % 3,5 hazten denez eta gero eta hegazkin gehiago ibiltzen direnez arrasto zuria sortzen den altitudeetan, 2050. urterako arrasto zurien eragina karbono dioxidoarena baino handiagoa izango dela uste dute.

Arrasto zuririk ez sortzeko, ordea, nahikoa da lurretik hurbilago hegaldatzea. Horregatik, 10.000 m-ko altitudetik 7.000-9.500 m-ra jaistea proposatu dute. Horrela, arrastoen eragina saihestuko da. Alabaina, altitude horretan, erregai gehiago behar dute hegazkinek eta, beraz, karbono dioxido gehiago igortzen dute. Londresko Imperial College-ko ikertzaileen esanean, lurretik hurbilago hegaldatuta, % 4 karbono dioxido gehiago igortzen dute hegazkinek. Hala ere, epe luzera arrasto zuriek eragiten duten kaltea handiagoa dela kontuan hartuta, azkenean, hegazkinak altitude baxuagoan ibiltzea komeni dela ondorioztatu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia