}

Lurreko tximista-mapa osatu berri du NASAk

2002/06/02 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Nasak egindako ikerketa baten arabera, tximisten sorreran eta maiztasunean zerikusia dute orografiak eta geografiak. Gizakiaren eragina, aldiz, uste baino urriagoa da.


Tximistak gau iluna argitzen duenean ez da giro izaten! Ez behintzat kalean paseatzeko! Bestelako iritzia edukiko dute, ordea, zerutik behera erortzen diren deskarga elektrikoen mundu-mailako mapa osatzen diharduten NASAko ikertzaileek.

Euskal Herrian, airea oso hezea eta lurrazala beroa egoten diren udako egun sargorietan sortzen dira tximistak.

Euskal Herrian, airea oso hezea eta lurrazala beroa egoten diren udako egun sargorietan sortzen dira tximistak. Baina tximista-garaiak aldatu egiten dira hemisferioaren arabera. Gainera, orografiak eta geografiak zerikusi handia dute tximisten sorreran. Aldiz, gizakiaren eragina uste baino urriagoa da. Hori guztia argi gelditu da NASAk egindako ikerketa batekin.

Tximisten banaketa latitudearen, altitudearen eta urtaroen arabera egiten den lehen aldia da. Perspektiba berri hori bi detektagailuri esker lortu da: Optical Transient Detector (OTD) eta Lightening Imaging Sensor (LIS). Lehena 1995eko apirilean jaurti zuten eta bost urtez ibili da lanean. Bigarrena, berriz, 1997an espazioratu zuten tropikoetan egiten duen euri-kantitatea neurtzeko satelite batekin batera, eta oraindik martxan dago. Hala ere, mapa 2000. urteko martxoa arte bildutako datuekin osatu dute.

Detektagailu horiek abiadura handiko kamerak erabiltzen dituzte hodeien goialdean gertatzen diren aldaketak antzemateko –giza begia ez da gai aldaketa horiek ikusteko–, eta oso informazio zehatza lortu ahal izan dute.

Detektagailu horiek martxan jarri aurretik, irrati-frekuentzien bidez neurtzen ziren tximistak, lurretik, eta eremu txikietan emaitza onak lortzen baziren ere, ozeanoetan eta gutxi populatutako eskualdeetan datu gutxi biltzen ziren.

Munduko lekurik erakargarrienak

Mapa berriak agerian utzi du zeintzuk diren jarduera handieneko guneak. Lehen postuetan Florida, Himalaia eta Erdialdeko Afrika daude.

Dennis Bioccipio atmosfera-ikertzaileak dioenez, "Floridak bi itsas brisa jasotzen ditu; bata ekialdeko kostatik eta bestea mendebaldeko kostatik. Bi itsas brisa horien arteko indarrek goranzko mugimenduetan jartzen dute airea eta tximisten eragile dira. Lainoen barruan, turbulentziek izotz-kristal eta ur-tanta txikiak sorrarazten dituzte. Oraindik argi ez dagoen zerbaitengatik, karga elektriko positiboak partikula txikienetan pilatzen dira eta karga negatiboak, berriz, partikula handienetan. Haizeak eta grabitate-indarrak karga horiek bata bestearengandik aldentzen dituzte eta horrela ekaitzaren barnean potentzial elektriko handia sortzen da.

Himalaian tximista asko egotearen arrazoia altura handia dela diote ikertzaileek. Topografiak Indiar Ozeanoko airea igoarazten duelako sortzen dira tximista horiek.

Erdialdeko Afrikan urte osoan zehar izaten dira tximistak. Ozeano Atlantikotik etorritako aire-korronteek mendi-kateekin topo egiten dutelako sortzen dira tximistok.

Sateliteek bidalitako informazioak urtean zehar tximistak nola banatzen diren zehazteko informazioa ere ematen du. Hego-hemisferioan, adibidez, udako hilabeteetan izaten da tximista gehien eta ekuatoreko eskualdeetan, berriz, udaberrian eta udazkenean.

Artikoan eta Antartikoan, aldiz, apenas dago tximistarik. Ozeanoetan ere jarduera txikia da, ikertzaileen esanean, itsas azala ez delako lurrazala bezainbeste berotzen. Tximistak hain dira urriak ezen isletako populazio batzuek ez duten beren hizkuntzan tximista adierazteko hitzik.

Ikerketa burura eraman duten zientzialarien ustean, gizakiaren jarduerek ez dute eragin handirik tximisten banaketan. Orain arte, eraikin handiek eta metalezko dorre handiek Lurrerainoko bidea egiten duten tximisten kopurua areagotzen dutela uste zen, baina ikertzaile horien arabera, tximistek beren baitarik egiten dute Lurrerainoko bidea. Hortaz, eraikinen eragina oso txikia dela diote, nahiz ez den hori frogatzen duen esperimenturik egin.

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia