}

Lurreko lehenengo bizidunetako batzuen fosilak aurkitu dituzte

2011/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

lurreko-lehenengo-bizidunetako-batzuen-fosilak-aur
Aurkitutako zelula fosil batzuk. Arg. David Wacey

Bizidun zelulabakar batzuen fosilak aurkitu dituzte Osford Unibertsitateko eta Mendebaldeko Australiako Unibertsitateko bi geologok, behinola hondartza bat izandako eremu batean, Australiako mendebaldean. 3.400 milioi urte dituzte fosilek, eta, ikertzaileek esan dutenez, litekeena da inoiz aurkitutako bizidun-arrasto zaharrenak izatea.

Lehenago ere aurkitu izan dira, ustez, oraingoak bezain bizidun-aztarna zaharrak, baita zaharragoak ere; baina zenbait adituk zalantzan jarri dute benetako fosilak ote diren. Izan ere, garai hartan izaki zelulabakarrak baino ez zeuden, eta, beraz, sedimentuetan aurkitu daitezkeen esferak eta harizpiak sedimentuen beren irregulartasunak edo ezpurutasunak izan daitezke, antzinako zelulen aztarnak izan ordez.

Oraingo ikerketan, ordea, aztarnen itxura morfologikotik harago joan dira, eta egitura kimikoari erreparatu diote, aurkitutakoak benetako fosilak diren argitzeko. Eta horren aldeko zantzuak aurkitu dituzte. Ikusi dutenez, ez dira berdinak ustezko zelula-hormetako karbono-isotopoak eta inguruko arroketakoak. Gainera, desberdinak dira egitura horien barruko sulfuroak eta inguruko sedimentuetakoak. Horrek adierazten du, haien ustez, mikroorganismoek inguruneko sulfuroak prozesatzen zituztela, energia-iturri gisa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia