Lurrazalean behera
2004/02/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lurrazalaren geruza sakonenean eta mantuaren goialdean gertatzen diren prozesuak ikertzen dituzte EHUko hainbat taldek. Horretarako, iraganean sakon-sakonean egon ziren zenbait arroka aztertzen dira.
Iberiar penintsulan, toki gutxitan daude 60-70 km baino sakonago lurperatuta egon diren arrokak. Leku horietako bat ipar-mendebaldeko konplexu aloktono gisa ezagutzen da, eta han egin dituzte ikerketak EHUko geologoek.
Arroken iragana ezagutzen
Geologoen ikerketa-lanetan funtsezkoa da arroka egokiak identifikatzea eta biltzea, arroka horien egituran baitago gordeta beren eraketaren eta, kasu honetan, lurrazalaren geruza sakonenean gertatzen diren prozesuen historia.
Cabo Ortegalen (Galizia) dagoen eklogita bat, granatez eta klinopiroxenoz osaturik dagoen dentsitate handiko arroka metamorfikoa. (Argazkia: J. I. Gil).
Arroka horiek dauden gunearen kartografia edo mapa geologikoa egiten da lehenik, eta, aldi berean, horien makroegitura aztertzen da; hau da, begi bistaz ikusten diren elementuen antolaketa espaziala aztertzen da. Aldi berean, azterketa mikroskopikoetarako arroka egokienak hautatzen dira. Azterketa horietarako, arrokak ebaki, eta, ondoren, 30 mikrako lodiera duten xafla mehe gardenak bihurtu arte leuntzen dira. Haiekin azterketa geokronologikoak, paleomagnetikoak edo, elementu eta isotopoen ikerketa geokimikoak egiten dira.
Hain zuzen ere, arroka horien mineralen konposizioak eta erlazioak arrokak zein kondiziotan sortu ziren jakiteko balio dute; deformazioak aztertuz, lurrazaleko alde sakonenean arrokek zein jokaera duten jakin daiteke, eta isotopo erradiogenikoak aztertuz, arrokak noizkoak diren, eta deformazioak eta birkristaltze-prozesuak noiz gertatu ziren ondoriozta daiteke.
Beste zenbait lagin arrokak non sortu ziren jakiteko erabiltzen dira, hau da, lurrazal kontinentalean edo ozeanikoan edo lurrazalaren azpiko mantuan sortu ziren jakiteko.
Emaitzak
Ikerketa-taldeak azkeneko bi hamarkadetan egindako lanek emaitza oso interesgarriak eman dituzte. Emaitza horien arabera, Iberiar Mendiguneko ipar-mendebaldeko konplexu aloktonoetako arrokak duela 450-500 milioi urte sortu ziren. Kasu batzuetan, itsasoaren hondoan basalto-forman eratu ziren, eta, gero, basalto horiek 60 km baino sakonago lurperatu ziren (subdukzio-prozesua). Han, eklogitak deritzen arroka oso dentso bihurtu ziren.
Subdukzio-prozesu hori ziurrenik bi plaka edo gehiagoren mugimenduek eragin zuten, eta, hain zuzen ere, plaka horiek Rheiko izenaz ezagutzen zen ozeano edo itsaso zaharraren itxiera eragin zutela uste da. Hori duela 380-400 milioi urte gertatu zen.
Ondoren, eklogitak eta haiekin erlazionaturiko beste arroka batzuk orain ezagutzen ditugun forman azaleratu ziren, 20-30 milioi urte iraun zuen prozesuan. Lurrazalerainoko azken itzulera hori duela 300 milioi urte gertatu zela kalkulatzen dute. Beraz, historia luzea eta konplexua berreraiki ahal izan dute, eta, gainera, lurrazalaren alde sakonenean gertatzen diren hainbat prozesu ezagutu dituzte, oraindik orain, zuzenean behatuz nekez uler daitezkeen prozesuak.
- Proiektuaren izenburua
Iberiar Mendiguneko ipar-mendebaldeko konplexu aloktonoen jatorria eta eboluzio tektoniko-termikoa. - Helburua
Lurrazalaren gune sakonenetan gertatzen diren prozesu orogenikoak aztertuz, Lurraren litosferaren eboluzioaren ezagutzan sakontzea. - Zuzendaria
J. I. Gil Ibarguchi, B. Ábalos Villaro. - Lan-taldea
M. Mendia Aranguren, P. Puelles Olarte, J. F. Santos Zalduegi, L. A. Ortega Cuesta, M. Carracedo Sánchez, A. Alonso Olazabal, L. Eguiluz Alarcón. - Saila
Mineralogia – Petrologia eta Geodinamika Saila. - Fakultatea
Zientzia eta Teknologia Fakultatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia