Lurraren masa-zentroaren bila
2007/06/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Lurraren berotze globalaren ondorio bat da poloetako izotza urtzen ari dela, eta, pixkanaka, itsasoaren maila igotzen ari dela. Hainbat kalkuluren arabera, urtean bi milimetro igotzen da, gutxi gorabehera; baina zuzena da kalkulua? Erantzuna NASAko geologo batek egin duen lan bati esker eman ahal izango dute zientzialariek.
Geologoaren lana Lurraren masa-zentroa non dagoen zehaztea izan da; azken batean, itsasoaren maila puntu horren erreferentziatik abiatuta neur daiteke. Baina Lurraren masa-zentroa ez dago toki finko batean, baizik eta mugitu egiten da. Orain arte, LAGEOS satelitearen neurketak erabili dituzte mugimendu horri jarraitzeko; argi-izpi bat igortzen du lurrazalera, eta han islatzen dena jasotzen du. Baina metodo hori mareen eta atmosferaren mendekoa da, eta ez du zehaztasun handirik ematen.
Horregatik, NASAko geologoak beste metodo batzuekin konbinatu ditu sateliteak emandako datuak, satelitearen beraren posizio zehatza neurtzen duten metodoekin, hain zuzen. Modu horretan, Lurraren masa-zentroaren posizioa zehaztasun handiz kalkulatu ahal izan du, itsasorik eta atmosferarik ez balego bezala.
Argazkia: NASA.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia