}

Lurraren egutegia. Periodo berria taula geologikoan

2004/06/13 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Eztabaida luzeak izan dira duela 500 milioi urte baino gehiagoko gertakarien gainean Nazioarteko Estratigrafia Batzordean. Izan ere, duela 120 urtetik hartu ez duten erabaki bat hartu behar zuten: taula geologikoan periodo berri bat sartu ala ez. Azkenean onartu dute, eta, hemendik aurrera, Ediacararra, izaki barrubigun eta arraroen garaia, Jurasikoaren edo Kanbriarraren parekoa izango da ofizialki.
Ediacarako faunako bizidunak itsas hondoan bizi omen ziren.

Denbora luzeraren araberako ataletan banatzen dugu: egunak, asteak, hilabeteak, urteak, mendeak, milurtekoak, ...

Gizakion historian badaude, ordea, gertaera edo ezaugarri historikoen araberako beste sailkapen batzuk, eta horiek ez dute luzera jakinik.. Aro Modernoak, adibidez, ia hiru mende iraun zuen. Horren aurreko Erdi Aroak hamar mende inguru. Erdi Aroaren aurretik Antzinaroa izan zen, eta aro hark milurteko bat baino gehiago iraun zuen.

Lurraren historian ere egin izan dira horrelako banaketak. Banaketa horiek egiteko, garai bakoitzeko arrokek eta erregistro fosilak ematen duten informazioa aztertzen da, besteak beste. Lurrak 4.500 milioi urtetik gora dituenez, atal nagusietatik laburrenak ere "zertxobait" luzeagoak dira, hainbat milioi urtekoak. Eta, gizakien historian bezala, zenbat eta atal zaharragoak, orduan eta luzeagoak dira.

Lurraren historiaren atal horiek taula geologikoan jasotzen dira. Taula hori Lurraren egutegi baten antzekoa da. Egutegi horretan, 4.500 milioi urte horiek banatu eta gertaera nagusiak biltzen dira.

Eona da denbora geologikoaren unitaterik handiena. Fanerozoiko eonak, adibidez, azken 542 milioi urteak biltzen ditu. Historian bezala, aro nagusi bat maila txikiagoetan banatzen da. Eonak eratan banatzen dira, eta erak periodotan. Azken horien artean onartu dute Ediacararra.

Lurra duela 4.500 milioi urte inguru sortu zen.

Normalean aldaketa nabarmenek markatzen dituzte tarte horien arteko mugak. Sekzio batean nolabaiteko homogeneotasuna dago, eta gertaeraren batek, esate baterako suntsipen batek, aldaketa dakarrenean beste bat garai bat definitzen da. Historia geologikoan duten garrantziaren arabera, maila batean ala bestean kokatzen da muga hori. Aldaketa garrantzitsuenak, esate baterako, periodoen, eren eta eonen mugak izan daitezke aldi berean.

Eztabaida luzea

Periodo berri bat (edo beste edozein denbora-sailkapen) onartzeko irizpide batzuk ezartzen ditu Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak. Garai horretako aztarnek ezaugarri geologiko eta paleontologiko homogeneoak izan behar dituzte, aurreko eta ondorengo periodoetatik ezberdintzen dituztenak.

Geologian horrelako erabakiak hartzea oso prozesu luzea izan ohi da. Askok hori kritikatzen dute, baina beste batzuek uste dute ez dagoela presaka ibili beharrik. Azken finean, ikertzen ari diren gaiak ez dira egun batetik bestera desagertuko, milioika urte hor egon eta gero.

Ediacararra periodo moduan onartzeko azpibatzorde berezi bat eratu zen, denbora-tarte hori ikertzen duten mundu osoko adituez osatuta. Azpibatzordearen erabakiaren ondoren, beste bozketa bi gainditu behar izan zituen periodo berriak. Prozesu guztiak hainbat urte iraun du.

Lehenengo bizidun plurizelularrak gaur egungo bizitzaren aitzindariak izan ziren.

Hala ere, periodo berria finkatzea onartuta ez ziren eztabaida guztiak amaitu, izenaren inguruan ere iritzi ezberdinak baitzeuden. Lehenengo aldiz geologo errusiar batek definitu zuen denbora-tarte hori 1952an. Vendiarra izena eman zion, eta hori izan da gehien erabili den izena orain arte. Izen hori Errusiako Itsaso Zuriaren inguruko arroka batzuk izendatzeko erabili zuen, eta periodo guztiaren izen orokortzat hartu zuten askok.

Azpibatzordeak, ordea, Ediacara, Australiako mendi batzuen izena, ematea erabaki du periodoari, inguru hartako arroken erregistroa hartu baitute periodoaren adibidetzat. Haien ustez, han daude garai hartako arrastorik onenak, eta hango sekzio bat izendatu dute mugako estratotipo, hau da, konparatzeko estandarra den arroka-sekuentzia. Hala ere, geologo errusiarrek esan dute Vendiarra izena erabiltzen jarraituko dutela.

Garai berezi eta aberatsa

Denbora geologikoen taularen tartea
Ma= milioi urte

Garrantzi berezia du, haren amaiera, era batena (Neoproterozoikoa) eta eon batena (Proterozoikoa) bera direlako.

Izan ere, adituen ustez, garai hartan hasi ziren ugaritzen munduko lehen bizidun zelulanitzak. Egun ezagutzen dugun moduko bizitzaren hastapenak ziren. Horretan da desberdina aurreko periodoarekiko.

Bizidun horien ostean beste batzuk etorri ziren, konplexuagoak eta ugariagoak,. Harrapariak agertu ziren, lehen bizidun maskordunak, eta abar. Bizitzaren aldaketa nagusi horrek jartzen du Ediacarraren goiko muga, Kanbriar periodoarena eta Paleozoiko erarena.

Ediacararraren erregistro fosilak erakusten du garai hartako bizidunak itsastarrak zirela. Kontinenteak konkistatzeko asko falta zen oraindik. Paleontologoek uste dute itsas hondoan bizi zirela, eta gehienak gaur egungo belaki edo marmoken antzekoak zirela.

Ediacarako fauna berezi hori klima-aldaketa baten ondorioz ugaritu zela uste dute. Aurreko periodoa (Kriogenoa) mundu mailako glaziazio batek markatu omen zuen. Klima epeldu zenean, ordea, bizitza aberatsa agertzeko kondizioak ezarri ziren. Kanbriarrean lehenengo harrapariak agertu zirenean, egin zuen gainbehera Ediacarako faunak.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia