Mirene Begiristain Zubillaga,

Ekonomialaria

Lurrarekin bizi


Aurrekoan, sakon ekin genien Lurraren Kultura-ri buruzko iritzi-zutabeei. Haietan, gure jendartean deserrotze-mailak duen handitasunaz eta handitasun horrek sor dezakeen paralisiaz aritu ginen. Aipatu genuen, baita ere, eguneroko bizitzan zertan islatzen den lurrarekiko errotzea: besteak beste, baratzeen laborantzan, dietak ziklo naturaletara egokitzean, animalien zaintzan, makroproiektuen deliberazio kolektiboan edota nahikotasunaren kontsumo-kulturan.

Oraingoan, beste galdera bat dakargu: norentzat da lehentasun Lurraren Kultura?

Azken asteotan irakurritako bi erreferentzia aipatu nahi nituzke. Lehenengoa, Maribi Ugartebururen “Erein, borrokatu, bizi” liburua da, baserritar-sindikalismoko hamar emakumeren testigantzen bilduma bat; baserritarren eta baserritar-emakumeen borroka historikoa, identitatea eta elikadura-burujabetza ardatz dituen testu bat. Bigarrena, Bizitza baten txatalak”, Muxikako Igertu baserriko Feli Madariagaren oroitzapenez, zauriez eta eguneroko bizitzako isiluneez jarduten duen kontakizun intimoa da, Onintza Enbeitak jasoa. Mundu baten bi kontakizun; bata kolektibotik eta barrutik, bestea norberaren baitatik.

Baserritarren borroka gaurkoa dela gogorarazi didate; lurra lantzea herria eraikitzea dela, eta antolakuntza ezinbestekoa dela lurraren eta komunitatearen arteko lotura jorratzeko. Barrura begiratzera ere eraman nau, bizitzaren txatalak ulertzera, galera txikien eta oroitzapenen bidez. Lurraren Kulturan bizi direnez jabetu naiz berriro, eta nabarmena izan da zenbat geratzen den ikusezin. Lurraren Kulturaren ahotsak beste bolumen bat, beste erritmo bat, beste denbora bat ditu.

Beraz, baserritarrak dira Lurraren Kulturaren subjektu nagusiak. Hala ere, bi liburuak iraganari lotzen zaizkionez, beste galdera batzuk ere sortzen dira: nola ari da eraldatzen Lurraren Kulturaren subjektua? Zein irakurketa egin dezakegu orain eta hemendik aurrera? Galdera handi samarrak.

Egungo sistema ekonomikoaren makineriak baserritarrak baztertzen ditu, eta lurrari lotutako identitate historikoa ahultzen du. Aldi berean, landa-eremuari eta baserriari historikoki lotua egon den familia-eredu heteronormatibo tradizionala desegiten ari da, eta, haren ordez, bizitza eta harreman-eredu eta identitate askotarikoak ageri dira, eta, haiekin batera, askotariko ibilbideak eta komunitatearen konfigurazio berriak.

Halaber, Lurraren Kultura baserritik eta landa-eremutik harago doa, eta “baserritartze sozialaren” beharra dugu. Baserritartze soziala ez da derrigorrez baserrira itzultzea, baizik eta bizitzeko modua errotik aldatzea, lurrari eta elkarri begira jartzea. Lurraren Kultura berreskuratzea da; ez soilik jarduera ekonomiko edo bizitoki gisa, baizik eta munduan egoteko modu gisa. Baserritartze sozialak modernitate kapitalistak hautsi duen lotura osatu nahi du, jendartearen, naturaren eta komunitatearen arteko lotura, eta bide bat proposatzen du eguneroko jardunbide materialetik abiatuta modu kritiko eta erradikalean etorkizun bizigarri bat eraikitzeko.

Hortik abiatuta, hauxe hurrengorako galdera: nola jarri berriz gure herriak lurrarekin bizitzen, denontzat bizigarria den etorkizun baten alde?

Mirene Begiristain Zubillaga,

Ekonomialaria

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali