Lurpeko altxor likidoa
2000/04/09 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Espaziotik begiratuta Lurra urdin ikusten da, urez betetako planeta urdina; izan ere, ura lur azalean ugarien dagoen substantzia baita. Ur hori guztia batzeko 1500 bat milioi kilometro kubikoko ontzia beharko genuke, baina, batuketa egin ordez planetako ura sailkatu egiten badugu, oso bestelako emaitzak izango ditugu: 1.500 bat kilometro kubikotik, ia gehiena edateko baliorik gabeko ura da; uraren % 97,2 ozeano eta itsasoak baitira, ur gazia, beraz. Ur gezak bolumenaren % 2,8 besterik ez du hartzen eta, berriz ere, zenbakiek ez dute egia guztia esaten, % 2,8 hori guztia ez baita eskuragarria.
Ur geza baliabide urria da oso eta horretaz ohartzeko honako ariketa egitea besterik ez duzue: litroko ontzia hartu eta lurreko ur guztia litro bat dela kontsideratu. Ondoren, ura sailkatu ahala (ura baliabide gisa ari gara sailkatzen), poliki-poliki botila hustu. Esan bezala, uraren % 97,2 ur gazia da beraz, 972 ml kanpora. Botilan 128 ml geratuko zaizkugu, baina ur hori guztia ez da likidoa. Ur gezaren % 76 egoera solidoan dago, izoztuta, glaziarretan, poloetan eta mendi garaien tontorretan harrapaturik, eta nahiz eta geza izan, ez da baliagarria. Adibideko botilara itzuliz, beste 98 ml kanpora. Azkenerako 30 ml ur geratu zaizkigu botilan, 30 ml ur 6.000.000 milioi biztanleren egarria asetzeko. Gutxitxo, ezta?
Barreiatutako baliabidea
Botilako 30 ml horiek gainera, ez daude berdin banatuta, ez geografikoki, eta ez geologikoki. Besterik uste bada ere, ibai eta aintzirak ez dira gure ur geza urriaren biltegi nagusiak, aintzira eta ibaiek ur gezaren % 0,3 besterik ez baitute. Ur gezaren erreserba handienak ez daude ikus ditzakegun lekuetan, lur azpian baizik; hain zuzen, aipatutako % 2,8 horren 0,62, edo bestela esanda, eskuragarri dagoen uraren % 95. Hau da, botilan ahaztuta utzi ditugun 30 ml-etatik 28,5. Lurpean dago edateko, arropa garbitzeko, industriarako edo nekazaritzarako erabil dezakegun eta erabiltzen dugun urik gehiena. Basamortuetan milaka urte daramatzate lurpeko ur erreserbei esker bizitzen. Zenbait lekuetan lur azpiko ura da gizakia eta animaliak elikatuko diztuzten landareak elikatzeko iturri garrantzitsu eta askotan bakarra. Baina lurpeko ura ez da azala idor duten herrialdeen kontu hutsa; aintzira, ibai eta ur-jauziz jositako Kanadako biztanleen laurdenarentzat ere ezinbesteko baliabidea da lur azpian ezkutatutako altxor likidoa.
Lurpeko urak aipatzen ditugunean, dozenaka metroko sakoneran isurtzen den ur-korrontea eta haitzen artean hondoratutako aintzira dira, beharbada, burura datozkigun lehen irudiak. Baina lur azpian ura ez da lur azalean bezala ibai eta aintziretan pilatzen, ez beti behintzat. Alderantziz, ura nonahi dago lurzoruan.
Arroka eta buztin-partikula arteko zirrikituetan, haitzetako zartaduretan eta arrailetan, hutsune horietan guztietan pilatzen den ura ere lurpeko ura da; hobeto esanda, ur hori da lurpeko ura.
Ur-bolumen handiena azaletik 100 metroko sakoneran biltzen da, hortik behera hutsuneak askoz urriago baitira. Lur azpian poliki-poliki isurtzen da ura, maila batetik bestera, sakonera batetik bestera, eta askotan putzuetan, akuiferoetan, biltzen dira jatorri anitzeko isuriak. Azken hauetako ura da guk ponpa bidez eskuratzen duguna.
Poluzio-iturri iraunkorrak
Lur azpiko ura dinamikoa da, higitu egiten da, eta ziklo hidrologikoaren parte da. Baina lurpean, motel higitzen da ura. Urak lur azpian ematen duen denbora ez da beti berdina, baina luzea da oro har. Egonaldia egun gutxikoa izango da batzuetan, zenbait astetakoa besteetan eta milaka urtetakoa hainbatetan. 10.00 urtetik gorako egonaldiak ez dira salbuespen lurpean. Ibaietako ura, berriz, erabat berriztatzen da bi asteren buruan. Egonaldiaren iraupen luzea dela eta, akuiferoetako poluzio-arazoak ibaietakoak baino larriagoak dira: akuiferoek poluzioa zurgatzen duten belaki erraldoien gisa jokatzen dute eta zurgatutako poluzioa, gainera, denbora luzez gordetzen dute euren baitan. Poluitutako akuiferoa garbitzea ez da batere erraza, baina garbitzen ez bada, hamaika urterako poluzio-iturri bilaka daiteke.
Gizakiok oso denbora gutxian poluitu ditugu akuiferorik gehienak, azken 40 urteetan hain zuzen. Egun, poluzioa eta gehiegi erabiltzea dira konpondu beharrezko premiazko arazoak, baina arazo horiei aurre egiteko martxan jarritako mekanismoak oso motel doaz. Urte gutxi da, gainera, akuiferoen arazoekiko kontzientzia piztu zela, akuiferoak ez baitira ikusten, eta ikusten ez den arazorik ez baitago. Hala ere, munduko herrialdeak poliki-poliki baliabide honek duen garrantziaz ohartzen hasi dira eta hainbat gobernuk legeak ere aldatu eta egokitu dituzte lurpeko ura babesteko.
1900. uretaz gero ura munduan lehen halako sei erabiltzen da, baina uraren kudeaketa ez da sei bider hobea. Gaur egun ere, agortzeina izango balitz bezala erabiltzen dugu askotan ura. Horrela jarraituz gero, eskura dezakegun ur-kopuruaren murrizketa kritikoak gerta daitezke ondorego 50 urteetan; izan ere, pertsonako erabilgarri dagoen ur-kopurua erdiraino jaitsiko da 2025. urterako. Eta kopurua murritza da jadanik: gaur egun, 1960. urtean erabilgarri zutenaren erdia besterik ez daukagu.
Poloetako izotza alde batera utzita, lurpeko ura da daukagun ur gezaren % 95. Azaleko ibai eta aintzira gehienak aspaldidanik erabiltzen ditugu, askotan eta askotan oker kudeatutako erabilpena egiten dugularik. Eta nahiz eta ibaiak ongi kudeatu, hauek ematen duten ura ez da munduko biztanlegoaren beharrak asatzeko nahikoa
. Dudarik gabe, lurpeko ura etorkizun handiko baliabidea da, etengabe hazten ari den populazioa hornituko duena. Geroari begira, itsasoko ura gatzgabetzea kontsumorako ura lortzeko beste bide bat izan liteke, oraindik garestiegia eta bideragarria ez den arren.
Akuiferoen arazo nagusiak
- Gehiegi erabiltzea: akuiferoetako ura oso motel berritzen da, baina herrialde askotan ez da uraren berritze-faktorea kontutan hartzen. Ondorioz, akuifero asko eta asko lehortzen ari dira. Lehortzen ari diren akuifero asko, gainera, nekez berreskuratu ahal izango dira, egun elkorrak edo erdielkorrak diren eskualdeetan baitaude. Kalkuluen arabera, 50 edo 100 urte baino gutxiago beharko lirateke akuifero horiek husteko.
- Poluzio kimikoa: herbizidak, ongarriak eta industrian erabiltzen diren substantziak kimiko poluitzaileak zoruan zehar iristen dira akuiferoetaraino eta lurpean ehunka edo milaka urtetako poluzio-iturri izan daitezke.
- Gazitzea: gazitzea kostaldeko akuifero askoren arazoa da. Akuiferoaren maila itsas mailaren azpira jaisten bada, itsasoko ura barrura sar daiteke, akuiferoa suntsitu egingo litzatekeelarik.
- Lurpeko hodietako isuriak: hirietako edo industriako hondakinak garraiatzeko hodiak, petrolioa ponpatzeko hodiak, ... era honetako egiturek izan ditzaketen isuriak akuiferoen poluzio-iturri oso arriskutsuak dira.
- Nazioen arteko mugak: nazioen arteko muga fisikoetan kokatutako akuiferoek herrien arteko liskar eta tentsioak sor ditzakete.
Akuiferoak berreskuratzeko aintzinako jakituriaEuri-ura jasotzeko tanga etxe eta familia bakoitzaren oinarrizko tresna izan da milaka urtez, bertatik hartzen baitzen etxerako zen ur guztia. Aintzina, etxe orok zuen bere tanga. Egun akuiferoetatik ura ponpatzeko teknologia modernoa medio, zaharkitutako tresna bihurtu dira euri-ura jasotzeko tangak. Baina teknologia modernoaren erraztasunek lehortze bidean jarri dituzte akuifero asko eta, horregatik, gobernuz kanpoko erakundeen laguntzaz, arbasoen teknologia "arkaikoa" berreskuratzeko ekimenak jarri dituzte martxan Indiako herrixketan. Mendebaldeko eskualdeetan 30o bat mila putzu berriztatu eta euri-ura jasotzeko mekanismoez hornitu dira. Bestalde, milaka urtegi txiki eta beste hainbat sistema ere jarri dira martxan eta ekimen horiei esker, India mendebaldeko akuiferoen ur-maila ikusgarri igo da. Indiako hegoaldean, 200.000 ureztatze tanga gora berriz diseinatu dira. Ehunka urtez akuiferoetatik elikatu diren tanke horiek, berriztapen azkarragoko beste iturrietatik elikatzeko moduan ipini dira. Hemen ere emaitza oso onak izan ditu proiektuak: akuiferoak urez bete dira berriz ere eta idortutako iturri eta errekak ere berpiztu egin dira. Nekazaritza guneetan eta herrixketan ez ezik, hiri handiagoetan ere garatu dira halako ekimenak. 1997.urtean tangaz ekipatutako 1.500 etxebizitza berri eraiki ziren Indiako ekialdeko Rajkot. |
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia