}

Lur planeta; gero eta "lodiago" ala "argalago"?

2011/02/06 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zuk zer erantzungo zenioke galdera horri? Gizakiok espaziora sateliteak eta bestelako aparatuak bidaltzen ditugun bakoitzean, edo planetatik alde egiten duen atmosferako ur-lurruna kontuan hartuz gero, batek pentsa lezake Lurra “argaltzen” ari dela. Baina izango da kontrako ondoriora iritsi denik ere, kontuan hartuta munduko biztanle-kopurua haziz doala eta espaziotik hauts kosmiko andana jaso ohi dugula. Hortaz, zertan gara?

Egungo kalkuluen arabera, 5.973 trilioi tonako masa du gure planetak.

Lurra “lodituz” doala omen da erantzun zuzena; alegia, gure planetaren masa handituz omen doa etengabe.

Lehenengo satelite artifiziala 1957an jaurti zutenetik, astronautek beste hainbat eta hainbat ere jarri dituzte Lurraren inguruan biraka. Sateliteak, satelite horiek orbitan jartzeko bidalitako koheteak eta espazio-ontzien leherketetan jaurtitako hondarrek han nonbait jarraitzen dute, espazioan. Kontua da gizakiak hara bidalitako zabor-kantitatea askoz ere txikiagoa dela espaziotik Lurrera urtero-urtero datorkigun hondakin-kopurua baino.

Orain urte batzuk, ikertzaile sobietar batzuek aipatu zuten urtero 30.000 tona hondakin kosmiko erortzen direla Lurraren gainazalera. Harrezkero, eta egun ere, zientzialari ugari bat datoz kantitatea 10.000 eta 100.000 tona artekoa izan ohi dela baieztatzerakoan. Urteroko “igoera” horren “erantzule” dira, esaterako, hauts-partikula txiki-txikiak zein meteoritoak.

Urtero-urtero, espaziotik hondakin kosmiko ugari erortzen dira Lurraren gainazalera. ·( Irudia: NASA/JPL-Caltech/T. Pyle (SSC)).

Hondakin-kopuru hori handia da, noski; baina “hutsala” ere badirudi, Lurraren masa osoarekin alderatuta behintzat. Egungo kalkuluen arabera, hain justu, 5.973 trilioi tonako masa du gure planetak —1798. urtean 6.600 trilioi tona aipatu zituen Henry Cavendish fisikari eta kimikariak—.

Atmosferako ur-lurrunezko partikulak norabide guztietan mugitzen dira, eta horietako zenbait atmosferako geruza gorenetara iristen dira. Han, grabitate-indarra ahuldu egiten da, eta, hortaz, partikula batzuek espazio zabalerantz ihes egitea lortzen dute. Dena den, lurrun-molekulek kondentsatzeko eta lainoak sortzeko joera dute, oro har, eta uraren ziklora itzuli ohi dira. Gainera, “uzten” gaituen ur-apur hori konpentsatu egiten da planetaren barrutik, sumendi-erupzioen bitartez, iristen den kopuruarekin. Hala, atmosferako H2O-ren erabateko kantitatea egonkor mantendu ohi da.

Mitoak mito, bestalde, munduko biztanle-kopurua haziz joateak ez du inolako eraginik planetaren masa-kantitatean. Antoine Lavoisier kimikari handiak frogatu zuenez, “materia ez da sortzen eta desegiten; egoeraz aldatzen da, prozesu kimikoei esker”. Haren arabera, gizakiak eta bestelako bizidunak Lurrean lehendik zeuden elementuekin “eginak” gaude —karbonoa, hidrogenoa, oxigenoa, nitrogenoa eta fosforoa—. Alegia, biztanle gehiago izateak ez du esan nahi materia berria sortu edo materia-kantitatea handitu egiten denik. Hortaz, masa ere ez da aldatzen, masa gorputz baten materia-kantitatearen neurria den magnitudea baita.

Terminoen nahasmena

Munduko biztanle-kopurua haziz joateak ez du inolako eraginik planetaren masa-kantitatean. ( Irudia: rp72).

Nabarmentzekoa da maiz pisu eta masa kontzeptuak era nahasian erabiltzen direla hizkera arruntean; bi magnitude fisiko ezberdin dira, hala ere.

Masa gorputz baten materia-kantitatea da; balantza batekin neurtzen da, kilogramotan. Pisua, berriz, Lurrak edo beste edozein gorputzek masa horri eraginiko grabitate-indarra da; indar horren neurria. Newtonetan neurtzen da, dinamometro baten bitartez. Grabitaterik ez legokeen lekuan, gorputzek ez lukete pisurik izango, baina masa izaten jarraituko lukete.

Hartara, Lurrak “gehiago pisatzen” du esatea baino zuzenagoa da haren masa handitu dela adieraztea. Geuk ere, geure burua balantza batean “pisatzen†dugunean, finean gure masa neurtzen ari gara, nahiz eta ohikoa dugun “60 kilo pisatzen ditut” esamoldea.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia