Luma hasi berrien kronika
2006/04/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zientzia dibulgatzeko ahaleginak egin behar direla esaten dute agintariek, zientzialariek eta komunikabideetako arduradunek. Eta, zeinek egin behar du hori? Bada, ondo dibulgatzen duen edozeinek, datorren arlotik datorrela ere. Beraz, zientziarekin zerikusia duen gai bati buruz idazteko gaitasuna duen edozeini eskertuko diote askok ahalegina; artikulu bat idatz lezake, eta, beharbada, liburu oso bat ere bai. Dena dela, idazte hutsak ez du ezertarako balio idatzitakoa ez bada gizarteratzen.
Hain zuzen ere, idatzitakoa euskaraz badago, lan horrek lekua izango du CAF enpresak eta Elhuyar Fundazioak elkarrekin antolatzen ditugun CAF-Elhuyar sarietan. 2005ean aurkeztutakoen sariak martxoaren 10ean banatu genituen Usurbilen, Elhuyar Fundazioaren egoitzan.
Ekitaldia
Sari banaketan, bi enpresa antolatzaileen ordezkariak, epaimahaikideenak (Koldo Nuñez, Kristina Alberdi, Julian Florez, Mikel Alvarez eta Enrike Ortega) eta euskal kulturarekin zerikusia duten hainbat gonbidatu izan ziren.
Saroi Jauregik aurkeztu zuen ekitaldia, zenbait bideoren laguntzaz. Bideoetan, Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa saileko produktuen irudien bitartez aurkeztu genituen aurtengo edizioaren sariak: Zientzia.net eta Basqueresearch web guneak, Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkaria, Teknopolis telebista-saioa eta Norteko Ferrokarrilla irratsaioa.
Bi ataletan banatu dira aurtengo sariak, artikuluen atala eta liburua idazteko beka.
Artikuluak
Alde batetik, urtero bezala, dibulgazio-artikuluak saritu ditugu. Atal honen barruan, hiru sari banatu dira, 1.000, 500 eta 300 eurokoak. Horiez gain, irabazle guztiek Imanol Andonegiren eskultura bana jaso dute.
Irabazlea Hibai Unzueta izan da, "Burdinbideen iraultza" izeneko artikuluarekin.
Bigarren saria Estibalitz Arbelaitzek eraman du "Zaharrak berri" artikuluari esker.
Hirugarren saria Eider Bilbaok eta Ibon Canciok irabazi dute, "Arrainak, geneak eta txipak: poluzioaren aurrean adierazteko askatasuna" artikuluari esker.
Hiru sari horiez gain, gazteentzako sari berezi bat ematen zaio hogeita bost urtetik beherako idazleek egindako artikulu onenari. Sari horren ordaina 300 euro eta Imanol Andonegiren eskultura bat dira.
Aurten, gazteentzako sari berezia Igor Aristegik eraman du, "Maite haugu, zorion" artikuluari esker.
Liburua
Beste alde batetik, bi urtez behin dibulgazio-liburu bat idazteko proiektu bat saritzen da. Guztiz bukatutako liburua beharrean proiektua saritzen denez, irabazleak urtebeteko epea du liburua osatzeko. Saria 4.500 euroko beka bat da, eta Imanol Andonegiren eskultura bat.
Aurtengo edizioan, liburua idazteko bekaren irabazlea Begoña Arrate izan da, eta idatziko duen liburuaren izenburua Biziaren sarea ehuntzen .
Elkarrizketak
Hurrengo orrialdeetan, lau artikulu irabazleak irakur daitezke, eta, gainera, irabazle guztiekin egindako elkarrizketak. Zein egokiagoa egilea bera baino jorratu duen gaia aurkeztu eta zientziaren dibulgazioari buruzko iritzia eman dezan?
Eta, ahaztu gabe, zorionak irabazle guztiei!