Lotarako zenbait arrazoi
2009/10/25 Korta Hernandez, Nerea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Lo egitea bizirik irauteko traba edo arrisku gisa ikusi izan da, errazagoa baita harrapariek lo dauden animaliei erasotzea. Eta, gainera, lo egonda, ezin dituzte egin bizirik irauteko behar diren jarduerak; ezin dute jan, ezin dute ugaldu, ezta familia zaindu ere. Hortaz, pentsatu izan da lo egiteak baduela funtzio psikologiko edo garun-funtzio ezezagunen bat, eta funtzio hori ezin dela bete animaliak esna dauden bitartean.
Hori defendatzen duen teoria bat konponketa eta leheneratzearena da. Teoria horren arabera, lo egitea beharrezkoa da burua eta gorputza osasuntsu mantentzen dituzten prozesu psikologikoak indartzeko eta lehengoratzeko. Teoria horrek iradokitzen du loaren NREM fasea (begien mugimendua bizkorra ez den fasea) garrantzitsua dela funtzio psikologikoak leheneratzeko, eta REM fasea, berriz, (begien mugimendua bizkorra den fasea) beharrezkoa dela garunaren funtzioak leheneratzeko. Ikerketek erakutsi dutenez, lorik egin gabeko eta jarduera fisiko gogorreko aldien ondorengo loaldi luzeetan, gorputzak handitu egiten ditu zatiketa zelularraren tasa eta proteina-produkzioa.
Beste teoria batek informazioa finkatzearekin lotzen du loa. Horren arabera, jendeak lo egiten du egunean zehar jasotako informazioa prozesatzeko, eta hurrengo egunerako garuna prestatzeko. Batzuen ustez, gainera, lo egiteak egunean zehar ikasitako gauzak epe luzeko memorian finkatzen laguntzen du. Hain zuzen, ikerketetan ikusi da lorik ez egiteak eragin handia duela informazioa gogoratzeko gaitasunean.
Teoria ebolutiboa
Gizakien garunak energiaren % 20 kontsumitzen du; beraz, energia aurrezteak garrantzia handia du (Argazkia: Nils Merkel ) .
Teoria ebolutibo edo egokitzearen teoria gisa ezagutzen den honek iradokitzen du jarduera-aldiek eta jarduerarik gabekoek energia kontserbatzeko eboluzionatu zutela. Nature Reviews Neuroscience aldizkarian loari buruz argitaratu den ikerketa batean, hori defendatu du Kaliforniako Unibertsitateko Loa Ikertzeko Zentroan lan egiten duen Jaerome Siegel irakasleak. Teoria horren arabera, esna egotea arriskutsua zen garaian lo egitera egokitu ziren espezie guztiak.
Alde batetik, harrapari natural gutxi dituzten animaliek, hala nola hartzek eta lehoiek, sarritan, 12 eta 15 ordu artean egiten dute lo egunean. Bestetik, harrapari natural asko dituzten animaliek loaldi motzak dituzte, normalean egunean 4 edo 5 ordukoak.
Baina, arriskua murrizteaz gain, loak bizirik irauteko abantaila gehiago dituela dio teoriak: energia aurreztea, zauriak gutxitzea eta baliabideen kontsumoa murriztea, besteak beste.
Harrapari natural gutxi dituzten animaliek ordu gehiago egiten dute lo (Argazkia: Rodolfo Clix ).
Animalia batzuek hilabeteetako lozorroak egiten dituzte. Hibernazioa bizirik irautea lortzeko portaera erregulatzen duen jokabide bat da. Animalia txiki batek ezin du klima beroagoetara migratu neguan, eta, beraz, hibernatu egiten du. Energia-kontsumoa murriztu egiten du hala, eta ezkutatu egiten da, harraparietatik salbu egoteko.
Gizakietan, adibidez, energia aurrezteak garrantzia handia du. Garunak gorputz osoaren % 2 soilik pisatzen du, baina energiaren % 20 kontsumitzen du. Loaldiak egunean ordu batzuez energia-kontsumo hori murriztea eragiten du.
Beraz, loaren funtzio nagusia zein den ez dago argi. Konponketa eta leheneratzea, informazioa finkatzea eta arriskuak murriztea izan daitezke lo egitearen arrazoiak. Froga gehiagorekin soilik argitu ahal izango da misterioa, eta zientzialariek ez dituzte lortu oraindik.
7K- n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia