Loratzearen giltza, azkenean!

Lehen ere lau haizeetara zabaldutako albiste baten oihartzuna dirudi: loratzearen mekanismoaren giltza aurkitu dute, florigeno deitzen diotena. Termino horrekin izendatu zuten hostotik kimura doan konexioa, loratzea eragiten duena, alegia.

Urteetan bila jardun ondoren, 2005ean florigenoa aurkitu zutela aldarrikatu zuten Suediako Nekazaritza Zientzien Unibertsitateko ikertzaile batzuek. FT genearen RNA zela uste zutela esan zuten. Baina artikuluan argitaratu zituzten datuekin saltsa handi samarra egon da, egileetako batek hainbat datu ezkutatu izana leporatu baitio besteari.

Eta eztabaida artean konpondu gabe zela, beste bi ikerketa argitaratu dira frogatzen dutenak benetako florigenoa ez dela RNA, gene beraren proteina bat baizik. Ikerketetako batean Arabidopsis thaliana-ren lorearekin egin dute lan (argazkikoa), eta, bestean, arrozarenarekin.

Argazkia: P. Busselen, Lovainako Unibertsitate Katolikoa.

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Kimika Zientziak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan ari da 2003ko otsailetik Elhuyar Fundazioan.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biologia