Londrestik New Yorkera, alderantziz baino luzeago
2008/08/25 Arakistain Aizpiri, Lorea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Hegazkinek denbora gehiago behar izaten dute Europatik Estatu Batuetara joateko, handik Europara etortzeko baino. Hau da, mendebalderantz egiten diren bidaietan eta distantzia berean, denbora gehiago behar da ekialderantz egiten direnetan baino.
Hegazkinek bidaia batzuetan beste batzuetan baino denbora luzeagoa behar izatea, batez ere, jet korronteen eragina da. Jet korrontea tropopausatik gertu igarotzen den abiadura handiko aire-korronte estu eta ia horizontal bat da. Lurretik hamaika kilometro ingurura kokatzen da, 5-7 kilometro lodi eta 100-200 kilometro zabal izan ohi da. Luzeran, milaka kilometro ditu eta abiadura handia hartzen du, orduko 400 kilometro ingurura iristeraino.
Jet korrontea saihestu
Jet korronteak aire-korronte indartsuak dira. Horregatik, hegazkinek beren aldeko korronteak harrapatzen dituztenean, hau da, berek daramaten norabide berekoak direnak lasterrak, aire-korrontean sartu eta harekin egiten dute bidaia. Kontrako norabidean aurkitzen badituzte, aldiz, saihestu egiten dituzte, eta beste aire-bide bat hartzen dute; horren ondorioz, ibilbide luzeagoa egin behar izaten dute, baina, hala ere, jet korrontearen kontra joatea baino xamurragoa da hori.
Horrenbestez, bi arrazoik baldintzatzen dute hegaldien denbora: jet korronteak eta aire-bideak. Ez dira, ordea, independienteak, bigarrena lehenbizikoaren ondorio baita. Izan ere, Londrestik New Yorkerantz abiatuko den hegazkinak biderik motzena hartzen badu, jet korronte batekin egingo du topo. Haizearen aurka hegan eginez, erregai gehiago xahutuko du hegazkinak.
Hegazkinak ez du biderik motzena hartuko. Aire-bidea aldatuko du, Ipar polorantz hurbilduko da eta bide logikoa baino luzeago bat egingo du. Itzulera bestelakoa izango da. New Yorketik atera eta jet korrontea hartuko du, horren indarraz baliatzeko, surflariek olatua hartzen duten bezala.
Gainera, kontuan izan, hegazkinaren abiadura ez dela lurrarekiko neurtzen, inguratzen duen airearekiko baizik, baina mugimendua lurrarekikoa dela. Beraz, hegazkinak lurrarekiko daraman abiadura neurtzeko, hegazkinak airearekiko daraman abiadurari aire horrek lurrarekiko daramana gehitu behar zaio.
Kasu honetan, hegazkinak jet korrontea bere alde harrapatzean, inguruko airearekiko daraman abiadura edozein bidaiatakoa bezalakoa dela kontuan izanik eta inguruko aireak lurrarekiko duen abiadura handia denez, lortzen duen abiadura osoa, hau da, hegazkinak lurrarekiko daramana, handiagoa izango da. Beraz, bide motzenetik ohi baino abiadura handiagoan egin ahal izango du bidaia.
Lurraren errotazio-higidurak ere eragina izatea logikoa litzateke. Egia da Lurra biratzen den alde bererantz hegan egiteak lagundu egiten duela, baina ez dio hainbeste eragiten denborari. Hala ere, kontuan izan, Lurraren errotazio-higiduraren noranzkoa eta jet korrontearena bera dela. Kasualitatea? Ez. Lurraren mugimenduak sortzen ditu jet korronteak; eta, horrenbestez, horiek sortutako haizeek, Lurra bezalaxe, mendebaldetik ekialderako noranzkoa dute.
Laburbilduz, Lurraren errotazio-higidurak jet korronteak sortzen ditu, eta hegazkinek, horien arabera, aire-bide bat edo beste bat aukeratzen dute.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia