}

Lobatxevski, Nikolai Ivanovitx

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1792-1856)

Matematikari errusiarra Nijni Novgorod-en (gaur egun Gorki) munduratu zen 1792an. Beste jaiotze-datarik ere aipatu den arren, historialari errusiarren ikerketek hauxe ematen dute benetakotzat.

Bost urteko umea zelarik, aitak familia utzi egin zuen eta ama aiton-amonen etxera itzuli zen seme-alabekin. Kazan-go Lizeoan ikasi zuen eta 1807an bi urte lehenago sortutako Kazan-go Unibertsitatera sartu zen. 1811n Magister titulua lortuz amaitu zituen ikasketak eta bertan irakasle gelditzeko proposamena egin zioten.

Azkarra zen oso eta lan asko argitaratu zituen. Edonola ere, Lobatxevskiren fama matematikaren heresiatzat lortu zuela dudarik ez dago. Ordurarte izan ere, Euklidesen matematika ukiezina zirudien eta matematikari guztiek aho batez onartzen zuten. Lobatxevski izan zen akordio inplizitu horren kontra altxatu zen lehendabizikoa. Euklidesen Elementuak liburuan aipatzen diren postulatuak zalantzan jarri zituen; hortik denbora luzez heresiatzat hartzea.

Lobatxevskiren lehen urratsak paraleloen postulatua frogatzeko asmoz eman zituen eta lortu zuela ere uste izan zuen. Euklides-en bostgarren postulatua esperientziak frogatzen zuela eta ez dagoela hortik kanpoko frogapenik ematerik esan zuen Lobatxevskik. Bestela esanda, bostgarren postulatua ez dela lehen lau postulatuen ondorio adierazi zuen.

Lobatxevskik horrela postulatu zuen Euklides-en ordezko postulatua: "Zuzen baten kanpoko puntu batetik zuzen desberdin bi egin daitezke lehengoarekin elkartzen direnak. Izan ere, gainazal eta lerroak ez daude Naturan, irudimenean baizik". Hasieran Geometria Irudikaria hitzez izendatu zuen asmazio hori eta geroago Pangeometria izenaz. Gaur egun Geometria Hiperbolikoa esaten zaio eta zenbaitetan Lobatxevskiren Geometria, bere asmatzailearen omenez. Lobatxevskik geometria horri dagokion Trigonometria ere eraiki zuen. Hari ere ez-ohikoa da noski, baina elkar sostengatzen dute, hots, bata posible bada bestea ere bai.

1826an hitz egin omen zuen lehen aldiz jendaurrean bere ideia berriez eta 1829an eman zituen argitara Kazan-go Buletinean. 1837an Journal de Crelle famatuan kaleratu zituen bere teoriak Geometria irudikaria titulupean eta 1840. urtean monografikoa idatzi zuen alemanez (Ikerketa Geometrikoak Paraleloen Teoriaz). Lan horiek guztiak 1856an biribildu zituen Pangeometria izenburuaz bere teorien azalpen osoa kaleratu zuenean.

Lobatxevskik ikasketak burutu zituen Unibertsitatean egin zituen eta ardura handiko postuak bete zituen 1816an Katedradun Berezi izendatu zuten eta 1820an lehenengo aldiz Fisika eta Matematika Fakultateko dekano izendatu zuten. 1822an katedradun egin zuten. Liburutegiko zuzendaria izan zen eta 1827-1846 bitartean Unibertsitateko Errektore.

1842an Gottingen-go Zientzi Elkarteko partaide izendatu zuten. 1846an lehenengoz katedradun izendatuz gero 30 urte pasatu zirela etc, legearen arabera erretiroa hartu behar zuela jakinarazi zioten. Artean 53 urte baino ez zituenez, salbuespena lortzen saiatu ziren, baina ezinezkoa izan zen eta Kazan-go Barruti Akademikoko Idazkaritzaren Ordezkari izendatu zuten. Lanpostu hori erabat burokratikoa eta hutsala zela uste zuen Lobatxevskik eta 1853an utzi egin zuen.

Matematika eta Geometriak astindu zituen matematikari bikaina 1856an zendu zen Kazan-en.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia